2020eko azaroan, zenbait donostiar egunero afariak banatzen hasi ziren, pandemiaren ondorengo konfinamendu testuinguruan, hirian kale egoeran zeuden eta haien elikadura beharrak ase ez zituzten pertsonei gauero afari beroak prestatuz. Lehendabizi Parte Zaharrean, ondoren Egian eta ostean Amara Berrin. Pandemiaren testuinguruan behin-behinean irauteko asmoarekin sortu zen Kaleko Afari Solidarioak egitasmoak laister sei urte beteko ditu.
Kale egoeraren eta bazterkeriaren errealitate gordinak Donostia gainditzen du, eta irtenbideek begirada luzea eskatzen dute ezinbestean. Irakurketa integralak, ordea, ezin gaitu aldendu gaur eta orain eman daitezkeen urratsetatik. Esan bezala, KAS ekimena jaio zenetik gaurdaino gure hirian, Donostian, kale egoeran dagoen pertsona kopurua asko hazi da; tamalez, ez dira neurrian handitu Udalak kale egoeran dauden herritarrei eta, zehazki, kale egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei bideratutako bitarteko kopurua. KAS egitasmoaren bidez gauero-gauero 300 afaritik gora banatzen dira, eta pertsona askorentzat egunean jaten duten otordu bakarra izaten da. Bolondres talde batek egunero hainbeste afari bero prestatu eta banatzeko ahaleginak eta lanak, moduren batean, Udalak elikadura beharrak asetzeko dituen zerbitzuen hutsuneez eta gabeziez ohartu, hausnartu eta hitz egiteko balio digu. Balio beharko luke.
Edozein kasutan, KAS egitasmoa desagertzeko helburuaz sortu zen, Udalak bere gain hartu beharreko lana neurri batean asetzeko. Hutsunea, baina, ez da desagertu, handitu baizik. Esan dugu egoera honek sakoneko erantzunak behar dituela. Gainera, argi dugu elikadura beharrak asetzeko udal zerbitzuak baliatu beharko liratekeela kale egoeratik eta bazterkeriatik ateratzeko lagungarri izango diren prozesu integralak martxan jartzeko. Baina bitartean, ehunka herritarrek gosea pasatzen dute gurean; horietako batzuek, KAS ekimen boluntarioari esker jan ahal dute gauero plater bero bat.
Horregatik guztiagatik, eta bestelako irtenbideak bilatu bitartean, Udalaren partetik KAS ekimena baimendu eta behin-behineko proposamen bat adosteko dei egiten dugu. Egoera honi aterabidea emateko modu bakarra KASeko boluntarioekin batera egitea da. Gogoratu nahi dugu, gainera, KAS sare herritarrak elkarlanerako prestutasuna beti adierazi duela, banaketarako puntuak edota segurtasun neurriak Udalarekin adosteko, besteak beste.
Gauzak honela, EH Bildu-k egoera honi irtenbide adostu bat emateko mahai baten eraketa proposatzen du. Bertan, Alkatetza, Udaltzaingoa, gizarte zerbitzuak eta KASeko ordezkariak egongo dira, EH Bilduren ordezkariak ere bertan egoteko prestutasun osoarekin.
Osatzera dei egiten dugun mahai horretan lantzeko eta modu irekian elkarbanatzeko proposamen hauek luzatzen dizkiogu Udal Gobernuari:
• Hiru eraikin-espazio publiko ahalbidetzea iluntzeetan, ordutegi zehatzekin, erabiltzaile guztiak leku berean ez pilatzeko eta kudeaketa errazteko; baliabide materialak jartzea, elikagaiak eta sukaldea; eta segurtasun neurriak ziurtatzea eta gizarte zerbitzuetako kontrol eraginkor bat bermatzea.
• Kaleko Afari Solidarioak sare herritarrarekin adostu ditzala beraiek bertan kudeaketa lanetan egoteko elkarlanerako baldintzak, baita bertan kozinatu eta banaketa egiteko jarraibideak ere.
• Eusko Jaurlaritzak jarriko omen dituen milioi eta erdi euroko dirulaguntzak bideratu ditzala proposatzen den modu honetan afariak ematen jarraitzeko ekimenari.