AKTUALITATEA


| 2026-08-07 11:46:00

Kaleko Afari Solidarioak sare herritarrak ostiral honetan salatu duen jazarpen egoera oso larritzat jotzen dugu eta EH Bildutik gure babes osoa azaldu nahi diegu boluntarioei. Gosea dutenei janaria ematea ez da delitua, ordea, egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzen dieten herritarrak kriminalizatzen ari dira modu sistematikoan orain identifikazio hauekin; afarien debekuarekin nahikoa ez du nonbait Alkatetza honek. Debekua, eta honen ondotik gertatzen ari dena nahi dugun hiri ereduarengandik oso urrun dago, Donostia harrera hiria da, eta hala izaten jarraitu dezan bolondres lanean ari diren donostiarrak babestuko ditugu. Era berean, beldurra eta intimidazioa baliatuz sare herritar honetan sostengatzen diren pertsonen aurkako jazarpenarekin amaitzeko eskatzen dugu. Elkartasuna ez da delitua, eta gosea duenari janaria ematea ezin da debekatu.

Kaleko Afari Solidarioak debekatzeko Jon Insaustik aldebakartasunez iragan astean hartu zuen erabakiaren aurrean, EH Bildutik irtenbide bat sustatu asmoz proposamen formala jarri genuen mahai gainean biharamunean; proposamen berbera alkateari zuzenean helarazi zitzaion. Egoera larria dela ulertzen dugu, are eta baldintza zaurgarriagoetan gelditu direlako herritar asko eta asko, gaur gaurkoz, bestelako alternatibarik gabe. Hasieratik gure prestutasun osoa agertu dugu ekarpenak egiteko, elkarrizketa sustatzeko eta balizko irtenbideak aztertzeko. Kontsentsutik eta entzuketatik. Hamar egunen ostean, eta berriro gaiaren inguruan galdetu ondoren, alkateak Bozeramaile batzorde batera deitu gaitu datorren asteko asteazkenerako.

Hitzordu honen aurrean, gure prestutasuna berretsi nahi dugu eta norabide egokian ekarpenak egiteko dugun borondatea. Eta alkateak debekua iragarri zuenean esan genuen bide beretik, orain ere berresten dugu egoerari aterabidea emateko modu bakarra KASeko boluntarioekin batera egitea dela, hau da, KAS posible egiten duten herritarrak subjektu aktibo gisa aitortzea dela modua eta hauek aliatu gisa baliatzea. Alkateak kontrako norabidean egin du.

Alkateak Bozeramaileen batzordearen formatua aukeratu du «lan lerroak partekatzeko», eta EH Bildu hitzordu horretan izango da. Ordea, KASen falta salatzen dugu.

Gauzak honela, EH Bildutik proposatutako hiru neurrien inguruan hausnartzea eskatzen dugu: ezer egin gabe igarotzen den egun bakoitzak inpaktu handia du. Insaustik iragarri zituen ehun otorduak nahikoa ez izateaz gainera, oraindik ez dira martxan jarri. Baina, kopuruak kopuru, begirada altxa eta ondorengo hausnarketa egitea garrantzitsua ikusten dugu: KAS bezelako mugimendu baten oinarrian eta kideen artean zein kale egoeran bizi diren herritarren artean sortzen diren ehun sozialak eta giza-harremanek duten gaitasuna. Eta hor badugu ardura, izan ere hori guztia balioan jartzea dagokie erakundeei, sistema arautuak nekez lortu dezakeen ekosistema sortzen delako, eta hori badelako ezinbesteko elementua pertsonak tratatzeko, pertsonak zaintzeko. Herri mugimenduek eta herritarrek elkartasunetik eta auzolanetik martxan jartzea lortzen duten hori, maiz ukitzen ez dena, sisteman txertatu beharreko ondarea da, ez deuseztatzekoa ezta gutxiestekoa. Are gutxiago, debekatzekoa.

Bozeramaileen batzordea egin bitartean, Gizarte sailak egin duen txostena eskatu dugu, bertan jaso diren datuak eta egin den diagnostikoa ezagutu nahi ditugulako. Era berean, alkateak debekua justifikatzeko baliatu dituen beste txostenak aztertuko ditugu: Udaltzaingoak, Gune Publikoak eta Ingurumen eta Osasun sailak egin dituztenak, hurrenez hurren. Eta bien bitartean, Insaustiri debekua bertan behera uztea eskatzen diogu irtenbide adostu bat bilatu artean, behintzat.

EH Bildutik erakundearen baitan eskura ditugun tresnak baliatuko ditugu egoerari gardentasuna emateko eta informazioa eskatzeko. Horregatik, Jon Insausti alkateak KAS debekatzeko hartu duen erabakiaren inguruan eta orain salatu diren jazarpenen inguruan galdetuko dugu iraileko batzordeetan.