Zortzi urte beteko ditu Ekialdeko Barrutiak, Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoak barnebiltzen dituen entitatea. Erakunde deszentralizatu bezala jaio zen, helburu zehatzekin: Ekialdeak bere erabaki gunea edukitzea eta ekialdeko herritarrek gertuago sentitzea Administrazioa.
Atzera begira, eta denbora tarte honetan egin duen ibilbidearen hausnarketa eginda, balantzea txarra da EH Bildurentzat; ez da lortu herritarrek sentitzea Administrazioa gertuago dutela eta erabaki gunea beti egon da baldintzatuta EAJ eta PSEren Udal Gobernuari, proposamen asko ezertan gelditu direlarik eta Donostian hainbat erabaki hartzen direlako Barrutian hauen berri eduki gabe. Batzuetan, are okerrago, Barrutiaren iritziaren aurka. Gauzak honela, baiezta dezakegu ez dela lortu Barrutia herritarrentzat erreferentziazko instituzio bat izatea.
Dudarik gabe, ilusioa piztu zen Ekialdeko eragile eta herritarren artean, Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko bizilagunen artean. Zortzi urte hauetan pertsona askok lan eskerga egin dute herria antolatu nahian, zentzuzko eztabaidak piztuz, proposamen eta proiektuak aurkeztuz. Ordea, ikusita erantzunik ez zela jasotzen Udal Gobernutik eta emaitzak ez zirela iristen, jakin badakigu fustrazioa eta etsipena zabaldu direla hauen artean. Eta arrazoia ez zaie falta.
Jon Insausti alkateak orain egun batzuk idatzi bat bidali die Ekialdeko herritarrei eta neurri batzuk azaltzen zituen bertan. Idatzi honen edukiaren aurrean, hau adierazi nahi dugu EH Bildutik:
- Proposamen batzuk dagoeneko martxan daude, adibidez 2 langile ahalbidetzea. Egindakoak nobedade bezala azaltzea onartezina da.
- Beste batzuk ez direla eraginkorrak izango aurreikusi daiteke eta oso modu inprobisatuan eginak daudela dirudi. Adibidez, departamentuetako pertsona erreferentzialak izendatzea, izan ere behar duguna da bertan egongo diren langileak antolaketa propioa eraginkorra izan dadin.
- Eta, larriago dena, alkateak dio eredu berdinarekin jarraitzeko asmoa duela gure ustez eredua denean aldatu beharrekoa.
EH Bilduk ez du aldaketarako borondaterik ikusten, baizik eta berriro ere alkatearen marketing pertsonalerako beste ekimen bat besterik ez.
100 eguneko epea
Uste dugu konfiantzazko denbora tarte bat eman behar diogula Presidente berriari eta Udal Gobernuari bere borondatea benetan zein den erakusteko. Ohikoa da 100 eguneko epea jartzea, eta EH Bilduk ere 100 egun emango dizkie.
Baina eskatzen dugu 100 eguneko epe honetan lehen urratsak ematea eraginkorra ez dena eraginkorra izaten hasteko. Horregatik 100 egun hauetan gutxienez urrats hauek eman beharko lituzkete Presidente berriak eta EAJ-PSE Udal Gobernuak:
- Barrutitik eskatzen diren langileen kopuruak eta beraien eraginkortasuna bermatzea.
- Barrutiak jasotzen duen diru kopurua bertan kudeatzeko ahalmena izatea, Udal Gobernuaren oniritziaren zain egon gabe.
- Benetan borondate politikoa erakustea. Horretarako Udal Gobernuak erabakiak hartu beharko ditu Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko herritarrentzat Barrutia erreferentziazko instituzioa bihurtu dadin. Hau lortzeko ezinbestekoa ikusten dugu herritarrek Administrazioarekin dituen hainbat gestio Barrutian bertan egin ahal izatea. Honek dakarrelako, EH Bilduren ustez, instituzio honen ezagutza eta bere erreferentzialtasuna indartzea eta handitzea.