Mugikortasun jasangarri baterako bidea egin nahi badugu, ezinbestean gutxitu beharko da autoaren presentzia gure hirian eta bestelako garraiobideak sustatu, kalitatezko zerbitzua bermatuz. Izan ere, mugikortasun jasangarriaren helburua, eta Donostian ezarri den Isuri Gutxiko Eremuaren helburua (IGE), ez luke bakarrik isuri gutxiago lortzea izan behar, baizik eta trafiko eta auto-kopuru gutxiago egotea gure kaleetan.
Erronka honetan, EH Bildurentzat ezinbesteakoa da espazio publikoa berreskuratzea, oinezkoentzat ez ezik, garraio publikoarentzat zein bizikletaren erabiltzaileentzat. Hau da, bide-gaitasuna murriztea eta auto pribatuari sarbidea mugatzea da xedea.
Ekuazioak auto pribatuari lekua gutxitzea ekarriko dioenez, gidari horiei alternatibak eman behar zaizkie. «Eta hor kokatzen ditugu disuasio aparkalekuak», adierazi du Garbiñe Alkiza zinegotziak. Hain zuzen, asteazken honetan agerraldi batean aurkeztu du EH Bilduk hirian disuasio aparkaleku gehiago ezartzeko proposamena.
«Mugikortasun jasangarri baterantz jo nahi badugu -erantsi du-, helburuak beharko luke izan hiriko errotazioko plaza horiek murriztea, hirian sartzen diren autoen kopuru gutxitzea, mugikortasun aktiboa indartzea eta donostiarrentzako espazio publikoa irabaztea».
Hiriko erdiguneko aparkalekuekin, zer?
Hiriko erdiguneko aparkalekuei dagokienez, egungo egoera azpiegitura hauek ustiatzen dituzten emakidadunekin berriro negoziatu beharko litzateke txandakako plazen murrizketa handiagoa izan dadin. Zentzu honetan, aparkalekuak publikoak izatea da EH Bilduren proposamena. Honela, txandakako plazak murriztu, egungo plazak bertakoentzat esleitu eta gainontzeko espazioa bizikletentzako aparkalekuak eta banaketarako eta logistikarako guneak sortzeko baliatuko genituzke.
Datu batek ondo jasotzen du egoeraren argazkia: Donostiak gaur egun, soilik Isuri Gutxiko Eremuaren barruan, 6 aparkaleku publiko ditu, guztira 2.500 txandakako plaza baino gehiagorekin.
Disuasio aparkalekuak: bide orri bat hiru epealditan
Disuasio-aparkaleku batek ondo funtzionatu dezan, doan edo tarifa murriztuarekin sustatu beharko lizateke, eta baldintza hauek bete beharko lituzke, Alkizak zehaztu duenez: garraio publikoarekin lotura behar du, doakoak diren aparkaleku gehienek gutxieneko eta gehieneko egonaldia izatea ziurtatu behar dute eta aparkaleku batzuk egun eta ordutegi zehatza izan behar dute haien kokapenaren arabera.
«EH Bildutik, baldintza hauek betetzen dituzten disuasio-aparkaleku berriak egiteko proposamena dugu, eta guztiak lur berria okupatu gabe egin daitezke. Hau da: hiriak dituen eremu batzuk egokituz aparkaleku bilakatu daitezke. Hortaz, proposamen egingarriak dira borondate politikoa badago», adierazi du Alkizak.
Proposamenak gauzatzeko hiru epealdi proposatzen ditugu aurreikuspenak epeetan sailkatzea «garrantzitsua» iruditzen zaigulako. «Nolabait, kronograma bat jartzen dugu mahai gainean, bide orri bat epe motzera, ertainera eta luzera egin daitezkeen proiektuekin».
1. - Epe motzera: Industriaguneak eta gune-komertzialak
Martuteneko 27. industrialdean, Torrua Zahar AU MA 02 eremuko 16. partzela hutsa dago aspaldi. Orain gutxi arte zabortegi gisa erabili izan da, baina jada garbitu egin da. Hortaz, momentu egokia da, eta berriro zabortegi bihurtu ez dadin, partzela honi erabilera bat emateko. Etorkizun batean bestelako erabilera bat izan dezakeen arren, oraingo eremua egokituz, aparkaleku bihurtzea proposatzen dugu 200 eta 250 arteko plaza kopuruarekin.
Alkizaren arabera, industriaguneak disuasio-aparkaleku gisa erabiltzeko, «bertako garraio publikoa indartzea ezinbestekoa da» eta horretarako bi aukera daude: bata soilik asteburu eta uda sasoian funtzionatuko duten anezka-zerbitzuak jartzea; baina hortik harago, bigarren aukera izan daiteke industriagune horietara doazen langileentzako lanegunetan garraio-zerbitzua hobetzeko aprobetxatzea. Hortaz, egunero (astelehenetik igandera eta uda garaian) garraio-zerbitzu on bat izango luke industriaguneak.
2. - Epe ertainera: Igarako industriagunea
Gaur egun aktibo dagoen disuasio-aparkalekuak 220 plaza ditu. Eremu bera erabili dezakegu goranzko aparkaleku bat egiteko, bi eta hiru solairu artean eraikiz, 600 eta 700 plaza artean izatera pasako ginateke.
«Disuasio-aparkaleku bat irabazteaz gain, aukera baliatu dezakegu Igarako industriagune bera eraldatzeko. EH Bilduren Mugikortasun plan integralean jasota dugunez, eta proposamena berretsi nahi dugu, langileentzako aparkaleku bihurtuz, industriaguneko plaza batzuk kendu daitezke bidegorria zabalduz eta bus erraila egiteko espazioa lortuz. Astegunetan langileentzako aparkalekua izan daiteke batik bat, eta asteburu eta jai egunetan turista zein bisitarientzat».
Bi aparkaleku hauek, Igarakoak eta 27. industriagunekoak, antzeko helburua dute. «Astegunetan langileentzako aparkaleku-plaza gehiago lortzea eta asteburuetan disuasio-aparkaleku gisa erabiltzea. Horrela ere, ingurua atseginagoa bihurtu daiteke: autoentzako aparkaleku zentralizatuak sortzea, bidegorriak egitea bizikletaz iritsi ahal izateko eta nola ez, poligono hauetara garraio publikoa indartzea eta maiztasuna egokitzea, bai langileentzako eta bai bisitarientzako».
3.- Epe luzera: Txingurri, Errekalde eta GI-20
- Txingurri: eremuak eraldaketa bat behar duela barneratuta, eraldaketa horrek aukera emango luke inguru honetan etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak sortzeko. Emango den biziberritze horretan, aparkaleku zentralizatu bat egitea proposatzen dugu plazak bertakoentzat ez ezik, disuasio gisa erabili nahi dutenentzat ere eskainiz. Egoiliarrentzat aparkatzeko lekuak eskainiz, inguruko eremuan, Altzan, espazio publikoa liberatuko genuke.
- Errekalde: Euskotren geltokiaren ingurua espazio interesgarria da, eta txosten publikoek dagoeneko jasotzen dute honek eskaintzen dituen aukerez. Batetik, HAPOak jasoa du bertan eremu bat dagoela erabilgarri, eta bestetik; 2024-2027 Mugikortasun Jasangarriko Hiri Planean eremu hori aparkaleku gisa erabiltzeko ideia jasoa dago. Hortaz, gure eskaera da eduki horri tira egitea eta etorkizun batean bertan aparkaleku bat egitea.
Aparkaleku honek lotura zuzena izango luke Euskotreneko zerbitzuekin baina ez bakarrik, izan ere horrez gain, gerora aukera egon daiteke, bertan Lurraldebus konpainiak geltoki bat jartzeko eta lotura zuzena egiteko Donostia Ospitalearekin eta Miramon parke teknologikoarekin
- GI-20 errepidearen inguruan: GI-20 saihesbidearen eraldaketa errealitate bat izango da. Saihesbidea eraldatzearekin batera autoentzako errailak murriztuko dira, oinezko eta bizikletentzako bide berriak sortuko dira eta autobus-geltoki berriak sortzeko aukerak.
Eraldaketa honekin guztiarekin batera, auzo batzuen inguruan, espazio berriak liberatuko dira, lur publikoetan gainera. Horietako batzuetan ere, eta garraio publikoarekin lotura zuzena izango dutela probestuz, disuasio-aparkaleku berriak sortzeko aukera egongo da. Horietako eremu batzuk Añorga, Herrera eta Loiolako Erriberak izan daitezke.