AKTUALITATEA


| 2026-04-29 12:23:00

Badira hamar urte luze turismo-zergaren beharra mahai gaineratu genuela eta geroztik hari berarekin korapilatuta gaude, bereziki azken asteotan Donostiako alkateak sartu nahi izan dituen presak eta presioak tarteko, foru araua izango denak eskatzen dituen epeak errespetatu gabe eta, honenbestez, beharrezkoa den berme juridikorik gabe. Urteak dira Donostiak herritarren bizitzak hobetzeko diru hori behar duela eta EAJk azalpen bat zor dio hiri honi.

«Aldian-aldian berpiztu den eztabaida da, eta hizpidera atera den bakoitzean zerbait egiten ari zirenaren ideia nagusitu zaigu. Bitartean, ordean, neurrigabeko turismoak sortutako arazoak areagotu egin dira, eta turismo-zergari buruzko eztabaida arazo horiei ez heltzeko aitzakia edo zurigarri gisa erabili da», adierazi du Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak asteazken honetan eskaini duen agerraldian.

Foru araua izango denak bere prozedura martxan duen honetan, izaera argia eta zehatza behar du, eta orain arte eskatutakoa aldarrikatu nahi dugu: tokikoa, progresiboa eta batez ere finalista izatea. Hain zuzen ere, tasa beharrean zerga izango denez, finalista izango denik ez dago ziurtatuta, tokian tokiko administrazioak erabakiko baitu jasotakoa zertarako bideratuko den. Hala ere, EH Bildutik hasierako ideiari eusten diogu; hau da, bildutako dirua turismo-jarduerak udaleko diru-kutxan eragiten dituen gastuak arintzera bideratzeko izatea.

Turismoaren industriak Donostian sortu duen higadura kudeatu eta gobernatzeko garaia da: auzo batzuentzat neurriak beranduegi datoz, horregatik, baieztatzen dugu egoerari arduraz eta konpromisoz heltzea zergaren ezarpenaz harago doala. Turismo politikei dagokienez, Udal Gobernua zertan ari den ez jakina da ‘Gurera’ Donostiako turismoa kudeatzeko «eredu berria» aurkeztu bazuen ere. Proposamen «disruptiboa, errealista eta arduratsua» zetorrela, are gehiago, erakundeen arteko lankidetzan oinarrituko zela. Justuki turismo-zergarekin alkateak egindakoaren kontrakoa.

«Zerga aurten bertan ezartzeko konpromisoa hartu zuenean, arduragabe jokatu zuen. Erakunde eskudunek, Foru Aldundiek, alegia, itundutako agenda eta segurtasun juridikoa lehenetsi zutenean, errealitateari ezaxola jarraitu zuen. Eta bere alderdiak ere babestu ez duenean, ustezko eredu berria kasketa politiko bihurtu da», esan du Ormazabalek. Bere iritziz, horrela jardutean, «bere hitza ez bete izanaren erantzukizuna gainetik kendu nahi izan du: alkatearen jarduteko moduak kasketa politiko batean bihurtu du 2017tik Donostiako Udalbatza eskatzen ari zena».

Mugatzera eramango gaituzten neurriak

Dudarik gabe, turismo-zergaren eztabaidak badu bere mamia, baina berandu dator, duela asko ezarri behar zen. Kudeaketa tresna bat dela gogoratu du Ormazabalek. «Eta turismoa kudeatzea fluxuak kudeatzea da, baina gaur egungo testuinguruak, kudeaketaz hitz egitea baino gehiago, turismoa gobernatzea eskatzen du. Hau da: Donostian dugun egoerak tamainako soluzioak eskatzen ditu, kontua ez baita hainbeste arintzea, baizik eta mugatzea».

Adibidez, azken asteotako eztabaidak itzalean utzi ditu donostiarrentzat eta auzoentzat funtsezkoak diren urratsak, hala nola hiriaren turismo-kargaren gaitasuna definitu eta ezartzea. Irizpide matematikoak ezartzea da aukera bat. «Edonola, eta formulak formula, turismoaren karga-ahalmena ezarri behar da. Donostian ere errealitate desberdinak ditugu eta beharrezkoa da analisi-tresna espezifiko bat diseinatzea eta aplikatzea. Donostiako auzoen turistifikazio-indizea ere proposatu dugu biztanleria egoiliarren kalteberatasun edo erresilientzia-maila neurtu ahal izateko. Gaur gaurkoz, neurgailurik gabe erabakiak hartzen ari da Udal Gobernua».

Bizigarritasuna eta karga-ahalmenaren perspektiba udal-politiketan txertatzea eskatzen dugu, behar beharrezkoa delako bizigarritasun-aldagaiak identifikatzea horietako bakoitzerako turismoaren karga-ahalmena ezarri ahal izateko.

Eta orain urtebete Udal Gobernuak eskatu zuen azterlanaren emaitzen zain jarraitzen dugun honetan, kasuan kasu esku hartzea eskatzen dugu: auzo batzuetan leheneratze-neurriak aplikatu beharko dira bizigarritasuna berreskuratzeko eta, beste batzuetan, babes eta indartzeko-neurriak ezarri beharko dira bizigarritasun hori galdu ez dadin.

Turista taldeak arautzeko neurriei dagokienez, beste hainbeste. Urtebete turista-taldeak eta bisita gidatuak arau hausteez informatzen eman ondoren, orain isunak aplikatzen hasiko direla iragarri du alkateak. Neurria hanka motz gelditzen da ez direlako errotik egoera batzuk sahiesteko ahaleginak egin. EH Bilduren ustez, isunez harago, saturatuta dauden auzoetatik talde hauek ibiltzeko duten arautegia egokitu beharra dago, besteak beste, ordutegiari dagokionez (8.00etatik 23.00etara ibili daitezke) baita aldi berean eremu beretik dabiltzan talde kopuruari dagokionez.

Zenbat talde eta pertsona da kopuru bideragarria egunerokoa ez baldintzatzeko? Non dago auzoaren langa? Zein da bizi- kalitatea bermatu dezakeen kopuru egokia? Gaur-gaurkoz erantzunik gabe jarritzen duten galderak dira.