Donostia tentsio handiko eremu izendatzeak aukera ematen du epe laburrean neurriak hartzeko, hirian bizi dugun etxebizitza krisiari erantzun ahal izateko. Izan ere, ezin ahaztu, krisi hori da herritarren kezka nagusia, zeharkakoa, baina bereziki gazteengan inpaktu handikoa.
Adierazpen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, ordea, ez da nahikoa, neurriak eraginkorrak izatea ahalbidetuko luketen erreferentzia-indizeak falta baitira: EH Bilduren aburuz gehiegi luzatu den prozesu honetan aurrera egin genezake, dudarik gabe, alokairuaren prezioa mugatuz. Beraz, EH Bildutik, Eusko Jaurlaritzari eta Etxebizitza sailburuari eskatzen diegu ez dezatela egun bat gehiago ere pasatzen utzi.
Era berean, Eneko Goia alkatea interpelatzen dugu Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Etxebizitza Legean (2015) eta Espainiako Kongresuko Etxebizitza Legean (2023) jasota dauden neurri guztiak aktiba ditzan, horretarako beharrezko urratsak emanez. Besteak beste, gaur egun hirian hutsik dauden etxebizitzak mugiarazi eta merkatura ateratzeko, eta legez etxebizitza huts edo okupatu gabetzat jotzeko baldintzak betetzen dituzten etxebizitza guztiak Eusko Jaurlaritzaren erregistroan inskribatzeko.
EH Bilduren iritziz, alkate batengandik jarrera proaktiboa espero da, ekimen eta proposamenekin, are gehiago donostiarren arazo nagusia konponbidean jartzeko. Etxebizitza duina izateko eskubidearen eta bizitzeko den Donostia baten alde lan egiten jarraitzeko prestutasuna eta konpromisoa berresten ditugu. Alternatibak proposatzen jarraituko dugu, egon badaudelako.