Etorkizunean Satrustegi Dorrea bost izarreko hotel bihurtzea, premium gamako logelekin, taberna-jatetxe independente batekin eta spa duen bainuetxe batekin bateraezina da moratoria indarrean duen hiri batean, inkesta ofizialetan ere herritarrek turismoak goia jo duela eta nahikoa dela adierazten duten hiri batean.
EH Bilduk interpelazio bat defendatu du Lurralde Garapen eta Plangintza batzordean, Udal Gobernu honek Eusko Jaurlaritzari eraikinaren babesa aldatzeko egin dion eskaerari buruz.
Nekane Arzallus Hirigintzako ordezkari eta egungo alkateari entzun ondoren, gure kezka adierazi behar dugu berriro ere ikusten dugulako EAJren eta PSEren Gobernu talde honek ez duela inolako borondaterik hotel berriak hirian ireki ez daitezen saihesteko; gainera, ondarearen zaintzaren aitzakiapean irekitzeko. Indarrean dagoen moratoriak salbuespen garrantzitsuak jasotzen ditu, eta berriro ere egiaztatzen dugu asmo zehatzekin jarritako salbuespenak direla promotore pribatuek eraikinak birgaitu eta ostatu berriak ireki ditzaten, beste erakunde batzuekin batera.
Batzordeetan azaldu dugun bezala, aurkeztutako aurreproiektuak urratu egiten du ezarritako babes-araubidea, logelek bista hobeak izan ditzaten, handitze-lanak eraikinaren aurrealdean, hain zuzen badiaren aurrean, egitea nahi baitu, eta honek indusketa bat eta lur-mugimendu handia exijitzen du.
Kezkatu egiten gaitu, eta asko gainera, Hirigintzako ordezkariak Eusko Jaurlaritzari eskatu izana abuztuaren 31ko 227/2010 Dekretua aldatzeko espediente bat irekitzea bere sailak Paisajes de Asturias S.L. enpresak aurkeztu duen aurreproiektuari buruz egiten duen balorazio positiboa dela eta. «Luxuzko hotel berri honek ez du eraikinari eman behar zaion babesa errespetatzen, eta gainera lur mugimendu handiak planteatzen ditu, logelek bista hobeak izatea behar duelako. Benetan larria da. Udal Gobernu hau hiri hau nola eraikitzen ari den erakusten duen beste adibide bat argi bat da, interes partikularrak lehenetsiz, kasu honetan sustatzaile batenak, interes orokorren gainetik», adierazi du Juan Karlos Izagirrek batzordean.
Era berean larria da alkateak berak proiektua defendatzea, eta eraikina zaintzeko eta babesteko modu bakarra hau dela argudiatzea. Bost izarreko hotel bati bidea libre emanez. «Hiriak hotel-eskaera ezberdinak asetu behar dituela» baieztatzea donostiarren iritzitik oso aldenduta egotea da, hiritarrak ozen eta argi esaten ari direlako ez dutela hotel gehiagoren beharrik eta aski dela.
«Gobernu talde hau berriz ere interes pribatuak defendatzen ari da, herritarren eskaria defendatu beharrean gutxi batzuen proiektuak errazteko lan egiten duelako», adierazi du Izagirrek, eta deitoratu egin du luzamenduan jasotako salbuespenak beti hotelen aldekoak izatea. EH Bildurentzat, gauza berria ez da, eta adibideak ikustea besterik ez dago. Urrutira joan gabe, duela egun gutxi jakin dugu Hirigintza Saila bi hotel berri babestearen aldekoa dela Maria Inmaculadan, Grosen, eta Mariaren Bihotzarekin beste horrenbeste egiteko lizentziak indarrean jarraitzen duela. Eta hau guztia saturatutzat jotako auzo batean.
Kezkagarria da operazio hauek guztiak gure ondarea zaintzeko egiten direla entzun behar izatea, are larriagoa dinamika hauxe izango dela egiaztatzea, ondorioztatu du Izagirrek Arzallusek egindako adierazpenen aurrean: «PEPPUCen babestuta dagoen eraikin bat hotel bihurtu behar bada babesteko, hotel bat egingo da». EH Bildurentzat, asmoen adierazpen bat da hau.