AKTUALITATEA


| 2024-09-25 13:01:00

Gaur Gernikan Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako politika orokorreko osoko bilkuran, EH Bildu kezkatuta agertu da oso, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak agerian uzten duen lidergo faltagatik; izan ere, urtebete igaro da legegintzaldia hasi zenetik, bizkaitarron bizi-kalitatea hobetzeko eta herrialdearen garapenean urrats sendoak emateko, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du orain arte politika publikoekiko norabiderik garatu.

"EAJ eta Bizkaiko Foru Gobernua ez dira gai izaten ari etengabeko aldaketa prozesuan dagoen eta datu ekonomiko kezkagarriak pairatzen dituen gizarte bizkaitarraren beharrei erantzuteko. Nazioarteko testuinguru korapilatsu batean ez dira gai izaten Bizkaiak dituen erronkei aurre egiteko”, adierazi du Iker Casanova EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak. Horren aurrean, EH Bildu prest agertu da "ikuspuntua, zeregina eta helburua izango dituen gobernu baten alde lan egiteko”, esan du Casanovak.

"Ez du ezertarako balio produktu bera mantentzea ontzia aldatuta", gaineratu du EH Bilduko Bizkaiko bozeramaileak. "Aurpegi berriekin mozorrotu dute joera kontinuista bat, egoeraren azterketa zehatza egin gabe eta politika egiteko modu berari eustea dakarrena. Etxanoberen banderak aurreko diputatu nagusia zen Unai Rementeriarenak dira, eta ez dute balio Bizkaiko errealitate berrirako. Bideraezina da horrela jarraitzea, iraganeko epe eta metodoen inertziak bultzatuta".

Horregatik, EH Bilduk Elixabete Etxanoberi proposatu dio egoeraren azterketa berri bat partekatzea, politika berriak martxan jartzea eta politika egiteko modu berri batekin konpromisoa hartzea, gobernantza ireki, parte-hartzaile eta eredugarri batean oinarrituta.

EH Bilduren iritziz, neurrigabeko turistifikaziora bideratutako politikak, ekitaldi handien eskema edo azpiegitura handiak, hala nola Ibaizabal azpiko subflubiala, SuperSur errepidea edo Guggenheim Urdaibai egitasmoa, oraintxe bertan egin beharko litzatekeenaren aurka doaz. "Su artifizialetan oinarritutako politika ekonomikoarekin jarraitzen dute, horren adibidea, aste honetan inauguratutako BAT proiektua, benetako industria-politika aktiboa diseinatu beharrean".

Guggenheim Urdaibai, EH Bilduren esanetan, "aurreko gobernuaren ereduaren paradigma da, porrot egin duena, eta egiteke dugun azterketatik kanpo dagoen proiektua dena. Ez du zerikusirik Bizkaiko gizarteak merezi duen eta EH Bilduk proposatzen duen gobernantza eredu ireki, gardena eta eredugarriarekin. Goitik behera inpostautako proposamena da, ingurumenarekiko errespetu-parametroak betetzen ez dituena”.

EH Bilduk Urdaibairako garapen ekonomikoaren klabean lan egiteko prestasuna eta konpromisoa erakusten jarraitzen du, "eskualdea sozioekonomikoki suspertuko duten eta pertsonen bizitza hobetzeko balioko duten proiektuak aztertzeko eta definitzeko prozesuan, herritarren eta Busturialdeko eragile sozial eta ekonomikoen parte-hartzearekin".

Izan ere, eskualdetako garapen sozioekonomikoa EH Bilduren diskurtsoaren erdigunean dago berriro ere, eta Bizkaiaren lidergo ekonomikoa berreskuratzeko beharra berretsi du Iker Casanovak, "ezagutzaren gizarterantz aurrera eginez, arreta berezia jarriz industria 5.0 garapenean", eta Bizkaia polizentrikoaren kontzeptuari edukia emanez, “eskualde guztiak zerbitzuez hornituz eta horien guztien oreka bermatuz garapen ekonomikoari dagokionez".

Iker Casanovak baliabide ekonomikoen oinarria zabaltzea proposatu du, "erreforma fiskal handinahi baten bitartez, Gipuzkoan adostutako ponentzia kontuan hartu beharko lukeena, eta zerbitzu publikoak hobetzea eta produkzio-sarearen hobekuntzan inbertitzea helburu duena".

EH Bilduk herri ikuspegia ere jaso du bere hitzartzean, eta "gure herriaren nortasuna eta eskubideak defendatzea" proposatu du, "baita Bizkaiko erakundeetatik ere, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz eta politikak ikuspegi propio batetik antolatzeko eskumen oinarria zabalduz".