Iker Casanova: «Dagoeneko beste herrialde eta hiri batzuetan turismo eredu horretatik ihes egiten ari dira, baina badirudi Bizkaian, batzuk, masa turismora eraman nahi gaituztela»
«Legeak baimentzen ez duen eremu batean hotel bat eraikitzea ahalbidetuko lukeen kirol portuaren antolamenduaren aldaketa berezi bat bultzatzen ari da» adierazi du Oihane Zelaiak «eta larriena da aldaketa horrek ez diola gizartearen beharrizanei erantzuten, enpresa pribatuen interesei baizik», gaineratu du Getxoko EH Bilduko zinegotziak.
Lizitazioan lau proposamen aurkeztu zirela argitu du Zelaiak eta horietatik hiruk hotel bat zuten. Horren harira, «nola da posible legez baimenduta ez dagoen zerbait positibotzat jotzea lehiaketa publiko batean?», galdetu du Zelaiak eta jarraian, erantzuna luzatu du ere, «itxura guztien arabera, hirigintza neurrira egina dago, eta, bertan, lehenik eta behin negozioa erabakitzen da, eta, ondoren, ustezko "interes orokor" gisa justifikatu nahi da», eta hori, EH Bilduren ustetan, botere-desbideratze bat da, «eta onartezina da».
Antolamenduaren aldaketa horrek gainera, ez du jaso euskal araudiak eskatzen duen paisaia-inpaktuari buruzko azterketarik. Eta ez da aipatzen proposamenak zer ekarriko lukeen Ereaga bezalako espazio sentikorren ondoko hotel batek. «Gure itsasertzeko paisaiari, ingurumenari eta erabilera publikoari eragingo liekeen jarduketaz ari gara» EH Bilduren ustetan.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk alegazioak aurkeztu ditu, «ez delako bakarrik erabaki bidegabea; legez kanpokoa dela uste dugu. Gure ustez, kirol-portua ezin da negozio pribatu bihurtu Getxoko interes komunaren eta ondarearen kontura» gaineratu du Oihane Zelaiak.
Bizkaiko EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanovak bestalde, hotel honen eraikuntzaren atzean dagoen turismo eredua gainditzera deitu du. «Dagoeneko beste herrialde eta hiri batzuetan turismo eredu horretatik ihes egiten ari dira, baina badirudi Bizkaian, batzuk, hara eraman nahi gaituztela; masa turismoa, ahalik eta hazkunderik handiena bilatzen duena, modelo kuantitatibo bat» gaineratu du Casanovak.
EH Bilduren iritziz beste eredu batzuk landu egin behar dira. «Dagoeneko -azaldu du Bizkaiko EH Bilduko bozeramaileak- Getxon eta Bizkaian, turismo indiskriminatu horren ondorioak pairatzen ari gara eta adibiderik mingarriena izan daiteke, hain zuzen ere, hemen sustatu nahi den eredua, kruzero handienak. Oso kutsakorra da eta masifikazioa ekartzen du turistak eta kruzeroak hartzen dituzten zonaldetara. Gure lurraldean gainditu eta ekiditu behar dugun eredua da. EH Bilduk hotel proiektuari ezetz esaten dio».