EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu die Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko urtebeteko epean handitu dezala sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako Krisi Zentroaren plantilla, zehazki, hiru psikologo eta hiru aholkulari juridiko lanaldi osoan aritzea.
Bea Ilardia batzarkideak ekimenaren helburua azaldu du, «arreta psikologiko eta juridiko espezifikoa ematea da, aurrez aurre eta berehala». Era berean, EH Bilduk proposatu du Aldundiak ahalegin handiagoa egin dezala Krisi Zentroaren ikusgarritasuna eta ezagutza soziala areagotzeko, eta, horretarako, «komunikazio kanpaina espezifikoak diseinatu eta abian jartzeko». eskatu du, «Bizkaiko herritar guztiek baliabide horren berri izan dezaten».
Ilardiak azaldu duenez, esponentziala da zentroan ematen dan arreta -428 emakume artatu ziren 2024an, eta diputatu nagusiaren beraren arabera, 344 emakume artatu ziren 2025eko lehen seihilekoan- «eta, hala ere, langileak berberak dira oraindik, alegia, psikologo bat eta abokatu bat lanaldi erdian. Etxanobek berak azken osoko bilkuran esan zuen konpromisoak ez duela ordutegirik, eta egia da. Baina konpromisoak ordutegirik ez badu, zentroak ere ez luke izan behar. Benetan zentro integrala bada, aurrez aurre egon behar du eskuragarri, eguneko 24 orduetan, urte osoan».
EH Bilduk Asturiasko krisi-zentroa aipatu du (1.016.000 biztanle/1.150.000 Bizkaian), zazpi aholkulari juridikorekin eta zortzi psikologorekin, horietako bat eta abokatu bat soilik adingabeak artatzen aritzen direnak. Bea Ilardiak gaineratu du «kudeaketa publikoa du eta, jakina, aitzindaria da, ez bakarrik lehena izateagatik, baizik eta bere egituragatik, estalduragatik eta arreta integraleko ereduagatik».
Iruzur fiskalaren aurkako borrokari dagokionez, EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu die Aldundiari proposa diezaiola abuztuaren 21eko 125/2019 Foru Dekretua aldatzea, 28. artikuluan, zorra geroratzea edo zatikatzea ez onartzeko arrazoi gisa, eskaera egiten duen zergadunak jurisdikzio eskudunaren edo Ministerio Fiskalaren aurrean iruzur fiskalaren delituagatik auziak irekita dituen kasuak gehitzeko.
EH Bilduren izenean, mozioaren defendatzaile Arantza Sarasola batzarkideak, Batzar Nagusiei proposatu die Bizkaiko Foru Aldundiari txosten juridiko bat egin dezala, Bizkaiko Ogasunarekin zerga-iruzurrari loturiko delitu auzirik irekia duten zergadunen zerrenda argitaratzeari buruz; azterketa juridiko horrek zerrenda hori argitaratu daitekeela ondorioztatuz gero martxoaren 10eko 2/2005 Foru Zerga Arau Orokorrean dagozkion aldaketak egingo dira neurri hori bere baitan jasotzeko.