Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak irakurketa positiboa egin dute 2025eko diru bilketaren inguruan egiten diren aurreikuspen, eta 2026 urtera begira egiten den diru bilketaren aurreikuspenen harira. Gaurkoan, diputatu nagusiak Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan (HDEK) aurkeztutako diru bilketari buruzko azalpenak eman ditu Bizkaiko BBNNetan.
EH Bilduk ordea, HDEKak eginiko dokumentuan bertan jasotako baieztapenean oinarrituta, zein dokumentu horretan azaldutako diru bilketa aurreikuspenetan oinarrituta zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, sakoneko zerga erreforma bat egiteko beharra dagoela berriz ere aldarrikatzeaz gain.
Arantza Sarasola EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, «2025eko diru bilketak iazkoarekin alderatuta gora egiten duen arren, 2024an diru bilketa murriztu zuten aparteko arrazoien eragina neutralizatuta (hidrokarburuen iruzurra eta mutualiateteen itzulketa) igoera hori ekonomiak erakutsitako igoeraren azpitik kokatzen da. Gainera garbi ikusten da 2025eko diru bilketaren igoera PFEZ eta BEZ zergen lepora gertatzen dela guztiz, hau da, langileen lepora, Sozietateen Zergaren bidezko diru bilketak behera egiten duen bitartean».
EH Bilduk gogoratu du datuak jaso direla oraindik zerga errebisioa indarrean ez dagoelarik, «eta HDEKak aurkeztutako txostenak berak dioenez zerga berrikuspenak ondorio negatiboak izango ditu bai PFEZren bai eta Segurantza Sozialaren bidezko etorkizuneko errekaudazioan».
Sarasolak gogorarazi du gainera «lehendakariak berak urte hasierako Pleno Politikoan adierazi bezala, hainbat arrazoi tarteko -esate baterako Trumpek ezarritako arantzelen politika- ziurgabetasun garaiak bizi ditugula, eta EH Bilduren ustez, zuhurtziaz jokatzeko unea izatez gain, gehien duten norbanakoei eta irabazi handienak dituzten enpresei ekarpen handiagoa egin dezaten eskatzeko garaia ere bada. Zentzu horretan, berriz ere sakoneko zerga erreforma bat egiteko beharra jartzen dugu mahaigainean; izan ere, EAJ, PSE eta Elkarrekin-Podemosen artean aurrera atera duten zerga berrikuspenak ez ditu irabazirik handienak dituztenen interesak ikutu nahi izan, eta bide horretan datuek erakusten digute funts publikoen sostengua gero eta gehiago langile xumeen bizkar geratzen ari dela».