EH Bilduk ez du babestu gaur BBNNetako osoko bilkuran Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Plan Integrala.
2005ean abian jarri zen aurreko plana eta zortzi urtez luzatu ondoren, gaur atera da aurrera plangintza berria, gobernuko kideen bozkekin soilik. Atzerapen metatu horrekin, EH Bilduk anbizio handiagoko plan bat espero zuen, hala eta guztiz ere, EH Bilduk batzarkidea den Raul Méndezek esan duenez, «gure erabakia izan da planaren osoko zuzenketa ez aurkeztea, gure ustez atal interesgarriak zituelako. Partitura ondo bideratuta dago -esan genuen hasieratik-, baina interpretazioan akats nabarmenak daude, tresnen arteko deskoordinazioa dago, asmoen eta helburuak lortzeko moduaren arteko desoreka dago».
Horregatik sei zuzenketa partzial erregistratu zituen EH Bilduk:
Prebentzioaren arloan, hondakin gutxiago sortzeko, hondakinak uzteko orduan erabiltzailea identifikatzeko sistema bat ezartzea. Bere neurriekin eta egutegiarekin.
Hondakinen kopurua tratatzen duten (SCRAP-EEZS) enpresen erabilera minimizatzea eta kudeaketa zuzeneko neurriak sustatzea. Mendekotasunak saihestea eta kudeaketa osoaren gaineko kontrol handiagoa izatea, baita eskainitako datuena ere.
Ontziak uzteko eta itzultzeko sistemen (SDDR) ezarpena esploratzea eta sustatzea. Ontziak erabiltzen ditugun pertsonok ontziak itzultzeko ardura har dezagun lehen fase batean, saltokiak eta banaketa katea hurrengo faseetan inplikatuz.
Balorazio energetikoarekin amaitzea. Zabalgarbi ixteko plana. Hondakinak erretzea bezain erasokorrak eta kutsakorrak ez diren beste sistema batzuk bilatzea. Gure ustez, prest egon beharko genuke errausketa planta honi itxiera data bat eskaintzeko plan hau amaitzean.
Biometanizazioa baino lehen, ahalik eta konpost gehiago egin. Gauza bera planteatzen dugu biometanizazio planta berriarekin, BFAk erabaki du martxan jartzea planta hau hondakin organikoa kudeatzeko lehen aukera gisa, eta eskatzen duguna da, lehenik, eskualdeetan aldiriko konpostaje planten bolumena handitzea, eta beharrezkoa balitz, eta azken baliabide gisa biometanizazioa planteatu ahal izatea, baina ez alderantziz, Planan agertzen den bezala.
Eragileen parte hartzea handitzea. Aholku batzordea sortu.
Azken aste honetan gobernua sostengatzen duten alderdiekin negoziazio tartea ireki bada ere, ezin izan da akordiorik lortu, hurbilketa mugimenduak egon diren arren. «Gure ustez, adostasun zabalak bilatzeko eta oposizioko lehen alderdiarekin horrelako plan bat hitzartzeko, lurralderako plan nagusienetariko bat, ahalegin eta borondate handiagoa behar dira hasierako planaren edukia aldatu ahal izateko» esan du Raul Méndezek.