AKTUALITATEA


| 2025-10-02 10:37:00

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak atzera bota ditu gaur EH Bilduko batzarkide taldeak Foru Aldundiari luzatzeko bi proposamen, alde batetik, Busturialdearen etorkizunari harira eta, zehazki, Guggenheim-Urdaibai proiektuaren kokapenari buruzko entzuketa prozesuaren emaitzak modu loteslean onar ditzala, eta, bestetik, Lamiakoko subflubialaren proiektua bertan behera utz dezala. Podemos izan da azken proposamen hori babestu duen talde bakarra.

 

EH Bilduk bost ebazpen proposamen aurkeztu ditu, joan den asteko politika orokorreko eztabaidaren ondorioz eztabaidatu eta bozkatzeko. Aipatutako bi gaiekin batera, EH Bilduk krisi zentroko plantilla handitzea eskatu du, sexu indarkerian adituak diren legelari eta psikologoen plantilla gutxienez urtebeteko epean zabalduz. Ekimen horrek Podemosen aldeko botoa jaso du. Bestalde, udalak finantzatzeko sistema berria zehazteko Batzorde Mistoaren lanak arintzeko eskatu du talde soberanistak, lan horiek ikasturte honetan amaituta egon daitezen.

 

Palestinari dagokionez, EH Bilduk Podemosekin transakzioa egin du, Israelgo estatu genozidarekin, bertako enpresekin eta erakundeekin mota guztietako harremanak hausten dituen proposamena. Ebazpenak ez du gainerako batzarkide-taldeen babesik jaso.

 

Iker Casanova EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak gogorarazi duenez, «politika orokorreko osoko bilkuraren lehengo zatian defendatu genuen tesia hurrengoa zen; Gobernu Foralaren proiektu izarrek jatorria daukate dagoeneko gaindituta dauden politika neoliberaletan, hain zuzen ere, legealdi honetan egin den erreforma fiskal atzerakoia edo bultzatu nahi diren proiektu handiak, Lamiakoko subflubial bezalakoa edo Guggenheim-Udaibai. Politika orokorreko eztabaidaren bigarren zati honetan defendatu duguna izan da -gaineratu du Casanovak- esaten duguna eta egiten dugunaren arteko koerentzia. Terminologia bat asumitzen badugu asumitu behar dugu ere horrek ondorioak dituela».

 

Casanovak azpimarratu duenez, «genozidioaz hitz egiten badugu horrek eraman behar gaitu, nahi ta nahiez, estatu genozidarekin, haren enpresekin eta erakundeekin mota guztietako harremanak apurtzera. Krisi klimatikoaz ari bagara, horrek esan nahi du ezin dugula bultzatu auto pribatuaren erabilera areagotzea helburu duen proiekturik. Eta esaten badugu gobernantza krisi sakona dagoela, eta arazo bat daukagula faxismoaren gorakadarekin herritarrek instituzioak gero eta hurrunago ikusten dutelako, ezin dugu bultzatu Guggenheim-Urdaibai bezalako proiektu bat eskualde oso baten gehiengoaren borondatearen aurka».