Aurrekonturik gabeko lau udalerrik agerian utzi dute EAJk eta PSEk Ezkerraldea gobernatzeko duten zailtasuna
Iker Casanova Bizkaiko EH Bilduren bozeramaileak eta Oihane Henales indar subiranistaren Sestaoko zinegotziak Ezkerraldean bizi den egoera izan dute hizpide gaur. EAJk eta PSEk, babes ezberdinekin gobernatzen dutela eskualde honetan, ez dira gai izan 2025eko aurrekontuak aurkezteko.
«Ekintzek eta emaitzek erakusten dute politikan gobernu baten norabidea, indarra edo ahulezia. Bada, Ezkerraldean bizi dugun egoera politikoak agerian uzten du lau herrietako udal gobernuen norabide eta indar falta eta haien ahulezia», esan du Oihane Henales.
«Gurre eskualdean, PNVk eta PSEk indar harremana oso aldekoa izanda ere, aurretik ikusi gabeko egoera lazgarri baten aurrean kokatu gaituzte: ez dira gai izan 2025eko aurrekontuak herri batean ere aurkezteko. Gogora ekarri nahi dugu hiru herritan gehiengo absolutuz agintzen dutela bi alderdiok. Elkarrekin koalizioan Barakaldo eta Sestaon, eta gehiengo osoz alderdi sozialistak Portugaleten. Santurtzin, aldiz, gutxiengoan dago PNV».
EH Bilduren ustetan «PNVk eta PSEk uko egin diote gobernatzeari, ez dute Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzirako proiektu partekaturik, eta are kezkagarriagoa dena, baztertu dute lau herriotako bizilagunen bizimoduak hobetu eta herrien eraldaketan sakontzea. Lau herri, hiru gehiengo oso eta zero aurrekontu 2025ean Ezkerraldean; ezin hobeto laburtzen da PNV eta PSEren kudeaketaren krisia eskualdean».
Iker Casanovak esan duenez, bi alderdi hauek ez dira gai izan Ezkerraldeari etorkizunerako alternatiba bat eskaintzeko, ez dute jakin lurralde honen gainbehera sozioekonomikoa iraultzeko politika estrategikoak artikulatzen, eta gaineratu du «EAJren eta PSEren zikloa agortuta» dagoela Ezkerraldean. Epe ertain-luzera «beste apustu politiko eta proiektu mota batzuetan pentsatu behar dugu Ezkerraldea ikuspegi eta anbizio estrategikoarekin gidatzeko.. Epe laburrean, EH Bildu aurrekontuez eta beste gai garrantzitsu batzuez hitz egiteko prest dagoela adierazi nahi dugu, betiere, mahai gainean anbizioa eta edukiak baldin badaude, Ezkerraldeko herritarrek gobernu horien ezintasunaren ondorioak jasan ez ditzaten».