AKTUALITATEA


| 2023-04-24 15:56:00

EH  

EH Bilduk alokairuen mugak ezartzeko eta etxebizitza alternatiborik ezean etxegabetzeak eragozteko Gobernuarekin lortutako akordioa nabarmendu nahi izan du. Gaur goizean Barakaldon egindako agerraldi batean, Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusigaia pozik agertu da herritarren eta euskal elkarteen eskari garrantzitsu bat egia bihurtzea lortu delako. Izan ere, herritarrek etxebizitza eskuratzearekin dituzten arazo handiak guztiz konponduko ez diren arren, itun honek euskal herritar askoren egoera arinduko duela uste du Casanovak.

Hauatgaiak ziurtatu du etxebizitza dela herritarren kezka nagusietako bat. “Euskal herritarrek bere diru sarreren % 30 baino gehiago bideratzen dute etxebizitzarako”. Bilbo metropolian, alokairuaren batez besteko errenta 744 eurokoa da, eta Bizkaian, 2022an erregistratutako etxebizitzaren garestitzea % 4,09koa izan da, metro koadroaren prezioa 2.869 eurotan kokatuz. “Espekulazio basatiak eragindakoa drama bat”, Casanovaren hitzetan.

Hautagai subiranista harro agertu da Barakaldo edo Bilbo bezalako hirietan espekulatzaileei eta funts putreei atea itxi zaielako. Iker Casanovak adierazi duenez, etxebizitzaren arazoari amaiera emateko urrats txiki honen ostean, EH Bilduk bere onena emango du udaletan eta beste erakunde batzuetan, eman beharreko pausoak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen: “EH Bilduk bere onena emango du bizkaitar guztiek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten, etxebizitza eskuratzea eskubidea delako eta ez luxua”.

Ezkerraldea, etxebizitza-politika eraginkorrik ezaren adibide

Maria Solar Barakaldoko alkategaiak bestaklde, Ezkerraldeak etxebizitzaren arloan dituen arazo partikularrak azaldu ditu, EH Bilduk bere hauteskunde-programan arazo horri irtenbidea emateko dituen proposamenetako batzuk azaldu aurretik. Solarrek adierazi du Barakaldon, adibidez, alokairuaren prezioaren batez bestekoa hilean 700 eurotik gorakoa den herri batean, ez dagoela herriko errealitateari erantzuten dion etxebizitza babestuen eskaintza egokirik, eta udal-etxebizitzen parkea ez dela nahikoa, ezta birakaria.

Ezkerraldeko PSEren eta EAJren aurreko gobernuek ez dute arazo honen aurrean jardun, bozeramaile subiranistaren iritziz. EAJk eta PSEk hirigintza-pelotazoetan oinarritutako etxebizitza-politika baino ez dute egin udaletatik, eta ekimen pribatuei saldu dizkiete alde egindako enpresek hutsik uzten zituzten lurrak, bertan eraiki eta gaineraikitzeko.

Udal-programak eta inbertsio publikoa

Ekimen falta horren aurrean, Maria Solarrek azaldu du EH Bilduk alokairua eta inbertsio publikoa sustatzeko udal programen aldeko apustua egingo duela, etxebizitza eskuratzea errazteko. Hala, etxebizitza-parke publikoa handitzea, edo belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioen programak eta etxebizitza partekatuen udal-programak abian jartzea dira EH Bilduren Herri Programaren proposamenetako batzuk. Alderdi abertzaleak etxebizitzak auzoka birgaitzeko Plan Integrala indarrean jartzea ere proposatzen du, eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna kontuan hartuta.

Azkenik, Maria Solarrek azaldu du EH Bilduk lehenbailehen proposatuko duela Barakaldoko Udalean udalerriko gunerik tenkatuenak zeintzuk diren aztertzea, etxebizitza lege berria indarrean sartuko denean, ekarriko dituen abantailak ahalik eta azkarren aprobetxatzeko.