Foru sektore publikoko erakundeen langilegoaren hautaketa prozesuei dagokienez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere fiskalizazio txostenean azpimarratzen du 2022 urtean 9 erakunde publikok hautaketa prozesuak egin zituztelarik (Garbiker, Gaikuntza, Azpiegiturak, Crowdfunding, Seed Capital, Beaz, Bizkaikoa, LAE, Biscaytik) prozesu hauek kanpo hautaketa enpresa pribatuen esku utzi zituztela, eta horren ondorioz gardentasun printzipioa urratu zela.
Gaurkoan burutu da, EH Bildu taldeak eskatuta, 2022ko Bizkaiko foru Aldundiaren kontu orokorraren gainean Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eginiko fiskalizazio txostenaren inguruko epaitegiko arduradunaren batzorderatzea eta batzorderatze hori baliatu nahi izan du EH Bilduk txostenak azpimarratzen dituen foru sektore publikoko erakundeek, bai langilegoaren hautaketa prozesuetan, eta baita zerbitzu publikoen esleipenetan dauden irregulartasunak mahaigaineratzeko.
EH Bilduk salatu du hau praktika orokorra dela, Arartekok berak ere hainbat salaketa tarteko praktika hauen kontra ebatzi egin duela. EH Bilduren ustez hau oso praktika larria da, izan ere erakunde hauek publikoak izanik eta diru publikoz hornituta egonik, pertsona guztiek aukera berdinak izan beharko bailituzkete beraietan lan egiteko, eta prozesu hauek Campo & Ochandiano bezalako hautaketa enpresa pribatuen eskuetan utzita arazoa ez dela soilik gardentasuna bermatzen ez dela, baizik eta berdintasuna ez dela bermatzen eta entxufismo praktikak albideratzen direla, eta are gehiago ere, horren ondorioz kolokan jartzen dela erakunde publikoetan lanean dauden profesionalen inpartzialitatea eta askatasun profesionala erakunde horien zeregina legeak ezarritako markoan gertatzen dela bermatzeko orduan.
Honi dagokionez gogoratu nahi dugu 2024ko apirilean EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuela erakunde hauetan langileak hautatzeko prozesuak Aldundian bezala egin zitezen, hau da, Aldundiko langileek osatutako epaimahaiekin, eta prozesu horien berdintasuna bermatuko dituzten oinarri arautzaileen baitan. Mozio honek ez zuen aurrera egin Gobernu Taldea osatzen duten alderdien kontrako bozkaren ondorioz. Gure ustez, 2022ko kontu orokorraren gainean Epaitegiak eginiko fiskalizazio txosten honek gaia berriz ere jartzen du mahai gainean bere krudeltasun osoz, eta berriz ere gaiari heltzeko premia dagoela irizten diogu.
Bestetik, eta kontratazioaren atalean (zerbitzu publikoen esleipenetan) fiskalizazio txostenak legez kanpoko bost jarduera aipatzen ditu: BFA, Aparkabisa, Azpiegiturak, Euskalduna jauregia eta Azkue fundazioarenak. Bost kasuetan salatu egiten du mugaeguneratuta zeuden bost zerbitzu-kontratu legez kanpo luzatu izana. Atal honetan oso larria iruditzen zaigu erakunde hauek aipamen horri eginiko alegazioetan bi jarrera nagusitzen direla, batzuk beste barik onartu egiten dutela eginiko lege ez-betetzea, baina ze neurri zuzentzaile hartuko duten aipatu gabe, eta beste batzuk, ordea, justifikatu egiten dutela eginikoa. Okerrena baina ez da, EH Bilduren ustez, fiskalizazio txostenari erakunde hauek egiten dizkioten alegazioen sendotasun edo sendotasun eza, baizik eta urterik urte praktika hauek zuzentzeko erakusten den ardura falta, izan ere, Epaitegiak egiten dituen urteroko fiskalizazio txostenetan praktika hauen salaketa iraunkorki agertzen baita.