AKTUALITATEA


| 2023-05-20 15:08:00

 

Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundi ziur agertu da EH Bilduk “inoizko emaitzarik onenak lortuko dituela Bizkaian, bizkaitarren beharrei irtenbidea emateko berme bakarra” delako, eta “EAJk eskaintzen duen paralisiaren eta eredu agortuaren aurrean, guk proposamen berri eta eraldatzaileak ditugulako”.

“Egungo agintariek enpresa handien, eliteen eta gutxi batzuen interesen alde egiten duten bitartean, guk bizkaitar guztien interesak defendatuko ditugu, langile guztiena, emakumeena, adinekoena, gazteena”, eta, horretarako, 100 bat ekimeneko programa dutela adierazi du. Casanovak Lekeition egin ditu adierazpenok, Larraitz Ugarte EH Bilduko zuzendaritzako kide eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile ohiarekin eta Ander Aldazabal alkategaiarekin batera.

Garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, pertsonak erdigunean jarriko dituen zaintza-politika ezartzea, trantsizio ekosozialaren alde lan egitea eta etxebizitza-eskubidea bermatuko duten politikak abian jartzea direla EH Bilduren helburuak azaldu du eta horiek lortzeko proposamen zehatzak dituztela.

Garapen ekonomikoari eta enpleguari dagokionez, Casanovak azaldu du Burtzeña, Punta Zorrotza eta Zorrotzaurre industria aurreratuko Bizkaia-Ibaizabal parke teknologiko handian batzea proposatzen dutela, industria aurreratuan, teknologikoan, iraunkorrean eta sozialean oinarritutako gunea. Halaber, Bizkaia polizentrikoa eraikitzea defendatu du, “gure lurraldeko eskualde bakoitzari gaitasuna eta zentraltasuna emanez, beren proiektu estrategiko propioak garatu ahal izan ditzaten”.

Mugikortasun iraunkorra bultzatze aldera, garraio publikoaren doakotasunaren alde egin du. Bere ustez, “azken urteetan inposatu diren azpiegiturak eraikitzeko politikekin amaitu behar da, eta ibilgailuen erabilera murrizteko inbertsiorik egokiena garraio publikoa sustatzea da, baina  Aldundiak kontrako norabidea hartu du”. “EH Bilduk garraio publikoa bultzatuko du, lurralde osoa konekta dezan, eta maiztasun askoz handiagoarekin”, esan du.

Bestalde, “gaur egun merkantilizatuta dauden eta milaka eta milaka emakumeren lan prekarioan oinarritzen diren Bizkaiko zaintzak” aipatu ditu. Horregatik, EH Bilduk zaintza eredu publiko, komunitario eta doakorako trantsizioaren aldeko apustua egin du. “Zaintza, herri erronka den heinean, eremu pribatuaren erantzukizuna izatetik, familiatik, eremu publiko-komunitarioaren ardura izatera igarobidea egin behar dugu”, gaineratu du.

Larrialdi klimatikoaren aurrean, ohartarazi du “ezin dugula ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu”. “Lehen sektoreak bizi duen krisi larriaren aurrean, azken 40 urteetako Europako eta tokiko politiken ondorioz”, Casanovak Bizkairako itun agroalimentario bat martxan jartzea defendatu du, “gure lehen sektorea, arrantza, nekazaritza, abeltzaintza eta basoak modu jasangarrian berreskuratzeko jarraitu beharreko ildoak zehaztuko dituen akordio handi bat”.

Casanovak ere etxebizitza jarri du EH Bilduren lehentasunen artean. Etxebizitza garestitzeaz ohartarazi ondoren, Casanovak azaldu du hainbat hamarkadatan etxebizitza-politikak eta araudiek etxebizitzarekin negozioa egitera bideratu direlako gertatu dela hori.

“Norabide hori aldatu behar da eta horretan ari da EH Bildu. Etxebizitzak negozio izatetik eskubide izatera igaro behar du, eta onartutako Etxebizitza Legeak aukera ematen digu etxebizitza herritarren beharretara bideratzeko”, esan du. Horrela honakoak defendatu ditu: etxebizitza-parke publikoak zabaltzea, alokairu soziala sustatzea, alokairuaren prezioak mugatzeko neurriak, jabe handiekin esku hartzea, pisu turistikoak arautzea eta tentsioan dauden eremuetan esku hartzea.

“Hauek eta beste asko dira EH Bilduk dituen proposamenak maite dugun Bizkaia guztion artean egiteko. Eta egingo dugu, maiatzaren 28an lortuko dugu eta gau magikoa biziko dugu”, nabarmendu du.

Lekeition norabilde aldaketaren beharra

Bestalde, Ander Aldabal oso kezkatuta agertu da Lekeitiok hartu duen norabidearekin, eta herritarren interesak erdigunean jartzeko konpromisoa hartu du. “Gure helburua zaintzen duen herri bat da”, esan du.

Ildo horretan, etxebizitza eskubidearen aldeko politikak martxan jartzearen aldeko apustua egin du, gazteek Lekeitiotik alde egin ez dezaten; euskararen eta ingurumenaren aldeko politikak. Era berean, adierazi du lehentasuna izango dela tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzea, herriaren bizitza sustatzea, eta horrek lotura estua du iraunkortasunarekin.

Halaber, EH Bilduk desberdintasun sozialekin amaitzeko eta zaintzak erdigunean jartzeko lan egingo duela ziurtatu du. Horrela, baldintza duinen alde borrokatzen ari diren egoitzetako langileen aldarrikapenarekin bat egin du eta langileen eskubideak bermatuko dituen sistema publiko bat defendatu du.

Azkenez, Lekeitio beti izan dela “langile kontzientzia handiko herri arduratsua; herri bizia, borrokalaria, konprometitua, eta euskera beti ahoan, harro sentitu dena bere izanagaz”. “Ez dadila betikotu eskuma udaletxean. Gure aurretik herri honen alde hainbeste egin dutenengatik, atzetik datozenengatik, eta zelan ez geugaitik... teinka diezaiogun gogor aldaketaren txikotari. Ezkerretik, feminismotik eta euskaraz, Lekeition aldaketa.  Hauxe da momentua!”, nabarmendu du.