AKTUALITATEA


| 2022-11-24 15:34:00

13 miloi euro baino gehiago lortu ditu EH Bilduk lurralde zuzenketa gisa Bizkairako. Horien artean, Elantxobek 3,9 milioi euro jasoko ditu goiko etxebizitzak herrigunearekin lotzeko igogailuak eta plataformak jartzeko. Patxi Egurrola alkatearen hitzetan, “udalerriko bizilagunen bizitza aldatuko du”. Inbertsio horrek udalerriko irisgarritasuna nabarmen hobetzeko balioko du, funtsezkoa baita kostako herriaren etorkizuna bermatzeko.

Lurraldearen egituraketa indartzeko eta, batez ere, Bizkaian kalitatezko mugikortasuna eta mugikortasun iraunkorra indartzeko, trenbide zerbitzuan inbertsio sendoak lortu dira. 600.000 euro erabiliko dira Bilbo-Santander lineako katenaria, seinaleztapena, telekomunikazioak eta trenbideko elementuak berritzeko, eta beste 200.000 euro, Balmaseda eta Bilbo lotzen dituen linean Zalla-Aranguren tarteko pasabidea kentzeko. Inbertsio horiek zerbitzua hobetzeko eta erabiltzaileek pairatzen dituzten gorabehera eta atzerapenak murrizteko balioko dute.

Koalizioak adierazi duenez, “ezagunak dira bi lineen gabeziak urteetako utzikeriaren eta inbertsio faltaren ondorioz. Lortutakoak Enkarterrirako zerbitzu hobea bultzatzeko balioko duela espero dugu”. Ildo berean, 1,7 milioi euro erabiliko dira Arrigorriagako tren geltokia egokitu eta hobetzeko.

Arrigorriagan, halaber, 605.000 euroko inbertsioarekin Mendikosoloko presaren egokitzapenak egingo dira. Hauek, uholde arazoak arintzeaz gain, udalerrian berdegune bat eta aisialdirako gune bat irabazteko aukera emango du ingurumen ekintzaren ikuspegitik.

Bilbo Handiko industria-ondarea berreskuratzea izan da EH Bilduren beste ildoetako bat; izan ere, 4 milioi euroko akordioa lortu du “La Basconia” eraikina birgaitzeko. Basauritarren aldarrikapen historikoa lortuko da, Basauriko EH Bilduko bozeramaile Exabier Arrietaren hitzetan.

Ondarruko eta Durangoko bizilagunek ere onura zuzena jasoko dute hitzarmen honetan, Berdura Plazaren erreforma 500.000 eurorekin finantzatzea lortu baita. Arrantza-udalerriaren bizitzaren erdigunea da, eta funtsezkoa da tokiko garapenerako eta lehen sektorea bultzatzeko Lea-Artbaiko eskualdean. Garrantzi bera du Durangoko - kulturaren Bizkaiko erreferentea- lehen Kultur Etxea sortzeak, bertako biztanleentzat baita inguruko herrientzat ere.