AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-06-16

Etxebizitzaren krisia ardatz nagusi izango duen bizitzaren garestitzeari buruzko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura monografikoaren bezperan, Pello Otxandianok Londresera eraman du 10 urteko epean urtean 1.500 etxebizitza eraikitzeko proposamen industriala: hau da, 15.000 etxebizitza eskuragarri berri eraikitzeko ‘Euskal Etxebizitza Industriala 2036’ proposamena. Otxandianok 'Institute for Innovation and Public Purpose' erakundeak antolatutako ‘The Future of Rethinking The State’ foroan partekatu du EH Bilduren ‘Posible 30K’ ekimenaren barruan kokatua dagoen proposamen industriala. Foro horretan biltzen dira hainbat testuingurutan lan egiten duten akademikoak eta profesionalak, eta Estatuen rola birpentsatzen saiatzean sortzen diren aukera eta mugei buruzko ikuspegiaz hausnartzen dute, eta balio publikoa sortuko duten ekonomiak eratzen dituzte.

Otxandianok adierazi du gobernuek etxebizitzaren krisiaren eta eraikuntza-sektorearen krisiaren erronkei aparteko gauzak bailitzan heltzen dietela, eta bere proposamena bi krisiei modu bateratuan erantzutean oinarritzen dela. Zentzu horretan, ‘Posible 30K’ ekimena azaldu du: egun dagoen parkeko 30.000 etxebizitza mobilizatzea eta beste 30.000 etxebizitza publiko eskuragarri berri eraikitzea ditu xede. “Helburua ez da soilik etxebizitza eskaintza handitzea, baizik eta azpiegitura sozial estrategiko gisa sortutako parke publiko zabal bat sortzea. Etxebizitza eskuragarria merkatuaren espekulazio-dinamiketatik partzialki kentzean, proposamenak etxebizitzaren krisiari egiturazko terminoetan heldu nahi dio, eta ez aldi baterako zuzenketen bidez”.


Urtean 1.500 etxebizitza industrializatu 2036rako

Hala ere, proposamena etxebizitza politikatik haratago doa, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko buruaren arabera. Horrela, eskala handian etxebizitza eskuragarria, industrializatua eta klimatikoki neutroa eskaintzeko gai den “ekosistema industrial” bat eraikitzea posible dela uste du. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoak urtean 1.500 etxebizitza industrializatu ekoiztea 2036rako, nabarmen murriztuz eraikuntza kostuak eta karbono emisioak.

Otxandianok ziurtatu du gure herrian badaudela proposamen hori egin ahal izateko gaitasunak: manufaktura-industria aurreratuak, ingeniaritza ezagutza, energia-teknologiako enpresak, ikerketa zentroak eta lanbide heziketako erakunde sendoak. “Erronka ez da hutsetik sektore berri bat sortzea, baizik eta gizartean garrantzitsua den misio baten inguruan dauden gaitasunak lerrokatzea”, nabarmendu du.

Horrela, etxebizitzaren krisia industria politika, administrazioaren gaitasuna eta balio publikoaren sorkuntza birpentsatzeko aukera bat dela uste du. “Gure ustez, etxebizitza ez da soilik ongizate kontu bat, baizik eta industrializazio berdea, berrikuntza teknologikoa eta eraldaketa ekonomikoa bultzatzeko aukera estrategiko bat ere bada”.