EH Bildu kezkatuta agertu da Gasteizen akuertelatutako Guardia Zibilak jauzi kualitatibo bat eman nahi duelako urriaren 12an, Gasteizko erdigunean desfile militar bat eginez, zehazki udaletxea dagoen plazan.
Joan den astean egindako iragarpen honen helburua Espainiako institutu armatua normalizatzea eta zuritzea da. Ezin baita alboratu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako txosten ofizialetan jasotzen den bezala, Euskal Herrian torturaren erantzule nagusia izan dela Guardia Zibila, milaka biktima eraginez. EH Bilduk argi eta garbi adierazi nahi du "erabat onartezina" dela "tortura zuritu nahi izatea eta Guardia Zibila goraipatzea, bere milaka biktimak umiliatuz".
Giza eskubideen defendatzaile sutsuek honen aurrean ezer ez izanak ez gaitu gehiegi harritzen, eta harrigarria da, aldi berean, udal-gobernuaren bermea eta konplizitatea izatea. Ez gaitu hainbeste harritzen PSEren jarrerak, Urkulluren Gobernuak torturari buruz egindako txostena bera ukatzera ere iritsi zelako; baina harrigarria iruditzen zaigu EAJren jarrera, udal gobernuaren beste kidea delako. Eta ezin da ahaztu EH Bildu lehen indar politikoa dela Gasteizen.
Euskal Herrian edozeinek daki zer den Guardia Zibila. Zuritu nahi izatea ez da onargarria. Bizikidetza demokratikoa ez da bateragarria Guardia Zibila eragile protagonista izan den Estatuaren indarkeria (tortura, gerra zikina…) zuritzeko ahaleginekin .
EH Bildu argi eta garbi mintzo da nazionalismo espainiarraren alarde militarraren eta torturaren zuriketaren eta apologiaren aurrean: "Onartezina da tortura zuritzea eta biktimak umiliatzea".
Gasteizko Udalak eta bere gobernuak bere jarrera berriz aztertu behar dute. Urriaren 12an euskal herritarrok ez dugu ezer ospatzeko.