AKTUALITATEA

| 2026-11-16

EH Bilduk Laudioko Kasinoan egin du gaur kanpainako ekitaldi nagusia. Hitza hartu dute Mertxe Aizpuruak, azken zazpi urteetan Kongresuko bozeramaile izandakoak; Mikel Oterok, Kongresurako Arabako zerrendaburuak; Eba Blanco Kongresurako Arabako hautagaiak; Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusirako hautagaiak, eta Ainize Gastaka Laudioko alkateak.

 

Mertxe Aizpuruak PPk eta Voxek osatzen duten bloke erreakzionarioa Euskal Herrian hutsaren hurrengoa dela gogorarazi du, eta ziurtzat jo du azaroaren 29tik aurrera are gutxiago izango direla. “Feivoxek, Euskal Herrira datorrenean, bere proiektuaren ahulezia baino ez du agerian uzten. Izan ere, bere proiektu bakarra gure nazio izaera ukatzea, tristura, motozerra, iraina eta gezurra dira. Horregatik da gutxiengoa herri honetan bloke erreakzionarioa. Eta azaroaren 29tik aurrera are gutxiago izango dira, boto masiboarekin eta irribarre handi batekin irabazi egingo diegulako. Irabaziko diegu”.

 

Horren haritik, EH Bildu hauteskunde hauetatik indartsu ateratzearen garrantzia azpimarratu du, “EH Bildu zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta ahulagoa izango delako bloke erreakzionarioa”. Hori dela eta, “hautestontziak itxaropenez eta ilusioz” betetzera deitu du, “larunbatean Bilboko kaleak bete genituen bezala, herri honen eta bertako jendearen duintasuna agerian uzteko. Posible da, eta posible egingo dugu”.

 

Aizpuruak “EH Bildu style” delakoa aldarrikatu du, eta bermatu du hilaren 29an berriz ere “mundu osoari erakutsiko diogula nor eta zer garen”. Araban ere bai, “udal hauteskundeetan egin genuen bezala, oraingoan ere Araban ere lehen indarra izango garelako”.

 

Hauteskunde hauek –ohartarazi du– “une historiko batean” egingo dira, “eredua delako gaur jokoan dagoena, ez PSOEren eta PPren arteko txandakatzea. Jokoa bestelakoa da orain. Eredua bera da. Alde batetik, eskubide murrizketak; bestetik, eskubide gehiago. Guk argi daukagu, badakigu balantzaren zein lekutan jartzen dugun gure indar guztia. Badakigu zer nahi dugun gure herriarentzat: eskubide eta askatasun nazional eta sozialak Euskal Herriarentzat. Horregatik, Euskal Herriak PP-Vox bloke erreakzionarioa garaituko du. Hori argi dago. Garaitu egingo ditugu, eta hala egingo dugu, hainbat hamarkadatan herri honetan konpromisoa, umiltasuna eta lan militantea erein ditugulako, jendeari aurpegira hitz egin diogulako, azken batean gu herri garelako. Herritik gatoz eta herriarekin bizi gara. Eta ez, ez gaude hemen etsitzeko, etorkizunik ez balego bezala. Hemen gaude itxaropenaren bandera altxatzeko, hautestontziak itxaropenaren botoez betetzeko”.

 

Kongresurako Arabako zerrendaburu Mikel Oterok Aiaraldea pairatzen ari den egoera ekonomiko zailean ipini du azpimarra, bertako “ehun industriala arriskuan baitago erronka eta eraldaketa handien garai honetan”. Hortaz, lehenik eta behin, “langile borrokari babesa ematen” jarraitzeko EH Bilduren erabateko konpromisoa berretsi du, “orain arte eman diogun bezala, izan Tubacex, izan Glavista, Maderas de Llodio, Tubos Reunidos orain, edo beste edozein”.

 

“Hamarkada luzeetan ongizate maila altuak bermatu dizkigun jarduera industriala garai berriei egokitzeko hil ala biziko premia” dagoela ohartarazi du, eta horretarako, ezinbestekotzat jo du “egungo jarduerak eta enpleguak babestea”, baina hori ez da posible izango anbiziorik gabe. Hori da hain justu EH Bilduk eskaintzen duena:

 

“EH Bildu bozkatzeak ez konformatzea esan nahi du, inkonformistak baikara. Gehiago egin eta urrutirago joateko anbizioa dugu. 200 proposamenetik gora eramango ditugu Madrilera, tartean industriari eta enpleguari lotutakoak. Desindustrializazio mehatxuaren aurrean, euskal industria defendatuko dugu gure ekonomiaren eta kalitatezko enpleguaren pizgarri gisa. Horretarako, gure esku dagoen guztia egingo dugu berrikuntzan, garapenean, elektrifikazioan… inbertsioa handitzeko”.

 

Izan ere, “hau ere bada bloke erreakzionarioari aurre egiteko formula, enplegua bermatu, aberastasuna banatu eta bizitza duinak posible egitea”. Hortaz, “EH Bildu bozkatzeak balio bikoitza du: gure industria eta langileria defendatuko ditugu eta, modu berean, bloke erreakzionarioa ordezkaritzarik gabe utzi. Horretarako bermea ere bagara”.

 

Bere aldetik, Eba Blanco Kongresurako Arabako hautagaiak koalizio subiranistak azken urteotan Espainiako Kongresuan zein Senatuan egindako lana goraipatu du, besteak beste, etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriak bultzatu dituelako edota pentsioak igotzen lagundu duelako. “Horregatik, ezinbestekoa da EH Bildu indartsu bat, politika aurrerakoiak sustatzeko, emakumeen, langileen, pentsiodunen eskubideak bermatzeko”.