Posta bidezko botoa eskatzeko bi egun baino falta ez direnean, EH Bilduk azaroaren 29ko hauteskundeetan parte hartzeko deia egin die egun horretan botoa aurrez aurre emateko aukerarik izango ez duten euskal herritar guztiei. Horixe izan da gaur goizean Mikel Otero Arabako EH Bilduren Kongresurako zerrendaburuak Gasteizko Correosen egoitza nagusiaren aurrean egindako agerraldiaren helburua.
Posta bidezko botoa eskatzeko epea amaitzeko bi egun baino falta ez direnean, Oterok parte hartzearen garrantzia nabarmendu du, eta ezker subiranistaren aldeko indarrak batzera deitu ditu herritarrak.
«Bi egun baino ez dira geratzen posta bidezko botoa eskatzeko. Horregatik, azaroaren 29an botoa aurrez aurre emateko aukerarik izango ez duten guztiak animatu nahi ditugu posta bidezko botoa eskatzera. Boto bakoitza beharrezkoa izango da ultraeskuina geldiarazteko eta gure herriaren zein gure eskubideen defentsan aurrera egiteko», adierazi du Oterok.
Azpimarratu duenez, hauteskunde hauek aukera berri bat dira euskal herritarren eskubideak defendatzeko eta gehiengo sozialaren bizi baldintzak hobetzeko. «Ezin dugu aukera hau galdu. Itxaropenaren bandera altxatu eta historia egiteko aukera dugu. Horregatik, beren bizitzak hobetzeko aurrerapauso gehiago nahi dituzten guztiei dei egiten diegu botoa eman dezaten: gazteei, emakumeei, familiei eta beren eskubideak defendatu eta zabaldu nahi dituzten langile guztiei. Euskal Herria Bilduri eman diezaiotela botoa, ez baitira damutuko. Ez diegulako hutsik egingo», adierazi du.
Oteroren hitzetan, azaroaren 29an Kongresuan eta Senatuan gehiengo plurinazional eta ezkertiar berri bat osatzeko aukera egongo da, ultraeskuinaren gorakadari aurre egiteko eta euskal herritarren askatasunak zein herriaren eskubideak defendatzeko. «Aukera dugu ultraeskuina geldiarazteko, gure askatasunak defendatzeko eta gure herria errespetarazteko. Eta EH Bildu da hori lortzeko bermerik onena», gaineratu du.
Era berean, EH Bilduk azken urteotan egindako lana eta akordioak defendatu ditu Oterok. «Zero kilometroko ezkerra gara, euskal herritarren interesak Kongresuan hobekien defendatzen ditugunak. Atzerakoien aurrean euste-horma izateko gaitasuna erakutsi dugu, eta euskal gizartearen mesederako akordioak lortzeko gai garela frogatu dugu. Beti erantzukizunez eta zintzotasunez jokatu dugu, gure herriarekin eta gehiengo sozial eta langilearekin konprometituta», azaldu du.
Horregatik, azaroaren 29an ahalik eta babes handiena lortzeko beharra azpimarratu du Arabako EH Bilduren hautagaiak. «Inoiz baino indar gehiago behar dugu helburu partekatu horiek guztiak lortzeko. Boto guzti-guztiak beharko dira faxismoaren aurkako harresia altxatzeko eta itxaropenaren olatua indartzeko. Inork ez dezala historia egiteko aukera galdu. Partida dagoelako, eta irabazi egingo dugu», amaitu du.