“Azaroaren 29an jokoan dagoena da nork eskuratuko dituen eserleku horiek eta zein proiektu politikorekin. Bloke erreakzionarioak ala EH Bilduk. Hauteskunde hauetan hautatu egin behar da. Eta gu ziur gaude herri honek hautatzen jakingo duela, eta, horrela, bloke erreakzionarioa garaituko duela. Posible egingo dugu”. Hala esan du Durangon Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, kanpainako gaurko mitin nagusian. Berak ez ezik, Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak, Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak, Martin Arrasate Senaturako hautagaiak eta Ima Garrastatxu Durangoko alkategaiak ere hitza hartu dute ekitaldian.
Otegik ohartarazi duenez, EH Bildu da PPren zein Voxen aurkari nagusia. Izan ere, “hauteskunde orokorretako bozetarako hitzordua hurbildu ahala, bloke erreakzionarioak argi eta garbi adierazten du: bere aurkari politiko eta hauteskundeetako lehiakide nagusia Euskal Herria Bildu da”. Eta hori ez da kasualitatea, “gu garelako edozein gobernu aukera galaraziko diogunak, gure esku baldin badago; gu garelako Euskal Herriaren subiranotasun nazionala aldarrikatzen dugunok; politika sozial, sozialista eta demokratikoak aldarrikatzen ditugunok, jendea erdigunean jartzeko, ez eliteak. Bere amesgaiztorik okerrena gara, eta oso harro gaude horretaz”.
Horri jarraituz, Otegik “argitasuna” eskertu dio Feijoori, argi eta garbi esateagatik “helburua EH Bildu ahultzea dela, EH Bilduri ahalik eta botere gehien kentzea. Nola etor daiteke Euskal Herrira printzipio demokratikoez hitz egitera, bera Gasteizen langileen erailketen arduraduna izan zen Manuel Fraga Iribarneren eskutik politikan sartu eta ikasi baldin bazuen? Zer printzipio demokratiko ikasi zituen harengandik?”
Bloke erreakzionarioaren mehatxuak mehatxu, EH Bilduko buruzagiak ziurtatu du “herria konfiantzaz beterik iristen dela bidegurutze historiko honetara, lan militantea eta lasaitasun estrategikoa oinarri dituen konfiantzaz beterik”. Izan ere, “guretzat politikan funtsezkoena da proiektu sendo eta ondo errotua izatea, eta hori proiektu politiko bakoitzak defendatzen dituen printzipioetatik eta baloreetatik hasten da, eta gaur egun gure printzipioak eta baloreak gehiengo sozial batek defendatzen dituen printzipioak eta baloreak dira”.
Oskar Matutek botoa ezkerreko subiranismoari ematea eskatu du, “lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko eta bloke erreakzionarioa eserlekurik gabe uzteko”. Erantsi duenez, “zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta prekarietate gutxiago. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta murrizketa eta pribatizazio gutxiago. Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta eskubide eta berme gehiago bizitza duinak eraikitzeko”.
EH Bilduren eta eskuinaren politikak kontrajarri ditu Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak: “Eskuinak sakrifizioa eskatzen dizu. Patronalak esaten dizu nahikoa kobratzen duzula. Baina errealitatea da egunetik egunera gero eta zailagoa dela fakturak ordaintzea. Soldatak ez dira igotzen, eta prekarietatea gero eta hedatuago dago. Eskuinaren aurrean, eskubideak. Haien murrizketen aurrean, gure bermeak. Bloke erreakzionarioari aurre egiteak lanaldia murriztea ere esan nahi du, bai eta Gutxieneko Soldata propioa defendatzea ere. Eta PPk ezabatu zituen kaleratzeagatiko kalte-ordainak eta izapidetze-aldiko soldatak berreskuratzea”.
“Eskuin muturrari atea ixten zaio jendearen arazoei soluzioak ematen”, esan du Matutek, eta, alde horretatik, so egin dio Israelen, Brasilen eta AEBetan gertatu denari, han frogatu delako autoritarioak ez direla garai ezinak, gal dezaketela; jada galtzen ari dira, eta 29an Euskal Herria ere nazioarteko mugimendu horren parte izango da”.
PPren eta Voxen irainak eta mehatxuak ere aipatu ditu, “saririk onena baitira egiten dugun lanagatik. Zerbait egiten ari gara ondo, neofrankistek gure kontra jotzen baldin badute, udal eta diputazioetan gure hautagaiak babestu ordez. Jakin dezatela gure esku dagoen heinean oposizioan jarraituko dutela beste lau urtez”.
Idurre Bideguren Senaturako zerrendaburuak gogora ekarri du EAJk eta PSEk orain Voxen eskutik datorren PPren beraren botoez baliatu zirela Maddalen Iriarte Gipuzkoako Aldunditik kanpo uzteko, bai eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatetzatik kanpo ere. Orain, aldiz, lehenago aberria eta gero alderdia jartzeko ordua dela azpimarratu du, hau ez baita “alderdikerietan ibiltzeko momentua”, eta, ondorioz, eskuz esku lan egiteko espazioak bilatu beharra defendatu du, premia bloke erreakzionarioa gelditzea delako.