AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-05

Julen Arzuaga EH Bilduren Bizkaiko hautagai eta Askatasun Demokratikoen idazkariak mahai gainean jarri du gaur segurtasun eredua aldatu beharra. «Jaurlaritzatik polizia eredua, oinarrizkoa den zerbitzu publiko hori, errotik aldatzeari ekin behar zaio, gardentasunez eta kontuak emanez, segurtasuna eskubideekin batera bermatzeko eta eskubideak segurtasunez egikaritzeko».

Arzuagak Bilbon egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok, Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacasen hilketaren hamabigarren urteurrenean. «Gomazko pilotekin egindako polizia karga batek Iñigo Cabacas hil zuen lekuan gaude gaur, eta Poliziaren azken biktima izatea nahi dugu. Erregenerazio politikoa ere lehentasunezkoa da Ertzaintzaren polizia eredua aldatzeko, bistan denez, eta astero ikusten dugun bezala. Baita atzo ere, atzo Bilbon kale saltzaile ibiltari talde baten aurka eginda geratu zen argazki arrazistarekin».
 


Iñigo Cabacas gogoan, EH Bilduko Askatasun Demokratikoen idazkariak deitoratu du tragedia hark ez zuela ekarri «herri honetan segurtasun zerbitzua eta polizia eredua beste modu batera bideratzea». Horren ondorioz, gaineratu du, «duela gutxi neurriz kanpoko polizia indarkeria kasuak ikusi ditugu berriro Tolosan, Gasteizen, San Mamesen, Anoetan eta Astigarragan, baina Segurtasun Sailaren erantzuna izan da gertakariak desitxuratzea, biktimak errudun gisa aurkeztea eta erantzuleak babestea. Ohiko jokabidea da hori, baina guk ez dugu Poliziaren jarduna horrela ulertzen».

Horri jarraituz, Arzuagak «beharrezkotzat jo du gogoeta bat egitea polizia zerbitzuaren hiru zereginei buruz: delituak prebenitzeko eta, hori ezinezkoa denean, delituak jazartzeko moduari buruz; eskubideak eta askatasunak bermatzeko moduari buruz, eta zaintza komunitarioan sakontzeko moduari buruz, hau da, pertsona bakoitzak segurtasun arloan dituen premiei erantzuteko moduari buruz, harreman sozialak eta elkartasun kolektiboa indartzeko bizikidetza kaltetzen duten gertakarien aurrean, gizarte seguruenak herritarren arteko desberdintasun maila baxuenak dituztenak baitira».

 


Horren harira, Arzuagak azaldu du EH Bilduren hauteskunde-programak «Ertzaintza eraldatzeko neurriak» jasotzen dituela, «anitza, elebiduna eta askotan kritikoa den gizarte honen ispilu izan dadin». Erantsi duenez, Ertzaintzaren eraldaketa horrek «Poliziaren espezializazio handiagoa ekarri behar du arlo batzuetan, hala nola ingurumena, ustelkeria eta zibersegurtasuna; gai gatazkatsuei heldu behar die, aztertu beharko da indarraren erabilera, nola esku hartu etxegabetzeen eta greba eskubidearen aurrean, edota Mozal Legearen aplikazioaren aurrean; eta balio behar du, halaber, polizia-funtzioak Udaltzaingoekin modu koherente batean banatzeko, udaltzaingoek hurbiltasuneko eta zaintza komunitarioko funtzio garrantzitsuak betetzen dituztelako eta ez dutelako Ertzaintzaren laguntzaile edo mendeko izan behar».

Azkenik, EH Bilduren hautagaia «kezkatuta» agertu da «Ertzaintzaren baitan dagoen jarrera korporatiboekin». Horren aurrean, bere iritziz, «lehentasunezkoa da polizia-jardunaren gaineko zuzendaritza politikoa berreskuratzea, zerbitzu-bokazioa berreskuratzea, giza eskubideak zorrotz errespetatuz». Ildo horri jarraituz, «hausnarketa bat partekatu behar da sentsibilitate politiko ezberdinen artean, Katalunian egin zuten bezala, segurtasun zerbitzu publikoari buruzko akordio berriak bilatzeko; izan ere, Kataluniako Parlamentuko talde guztiek eztabaidatu eta adostu zituzten Generalitat orain aplikatzen ari den ondorioak. Abiapuntu ona da».