AKTUALITATEA

| 2019-10-31

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Kongresurako eta Senaturako hautagai nagusiak bildu ditu EH Bilduk, gaur goizean, Iruñean. Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako hautagaiak esan duenez, “ilusioz beterik” heltzen dio EH Bilduk azaroak 10eko hauteskundeei. “Aukera bat dira euskal gizartearentzat, Espainiako Estatutik heltzen zaizkigun injustiziei erantzuteko aukera dira hauteskunde hauek. Altsasuko gazteen egoeraz edota espetxean dituzten Kataluniako ordezkari politiko eta sozial independentistez ari gara, besteak beste. Egiturazko krisi latz batean murgilduta dago Espainiako Estatua, eta injustiziak eta inboluzio antidemokratikoa dira bere erantzuna”. Zentzu horretan gaineratu duenez, “Espainiako Estatutik heltzen zaizkigun injustiziei erantzuteko, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko ezker subiranistak ahots indartsua izatea Madrilen”

“Egoera honen aurrean, Espainiako Estatuko subiranistekin elkarlanean aritzeko gai den ahots subiranista behar du euskal gizarteak Madrilen, Kataluniako eta Galiziako subiranistekin eskuz esku aritzeko gai izango dena”, esan du Ruiz de Pinedok. “Hori EH Bilduk egin dezake bakarrik. Hauteskunde hauetan EH Bilduk talde sendoa dauka hemengo herritarron eskubideak Madrilen bertan defendatzeko eta haien aldeko lanean aritzeko.

 

Pozueta: “Ez gaituzte entzun nahi Madrilen, baina entzungo gaituzte”

Bel Pozueta Kongresurako Nafarroako hautaiak, bere aldetik, azaldu du Nafarroan erronka handia duela ezker subiranistak: Kongresuan eserleku bat lortzea. “Badakigu apirileko hauteskundeetan hortxe geratu ginela. 408 bozetara. Kanpaina honetan erronka honi ekingo diogu, parlamentaria izateko aukera errealak ditugulako. Are gehiago, eremu euskaldun, feminista, soberanista eta ezkerrekoa ordezkatzeko aukera bakarra gurea delako. Apaltasun osoz esaten dugu, baina determinazio osoz ere bai”.

“Gaur gauean hasiko den hauteskunde kanpaina honetan argi utzi nahi dugu Kongresuan eta Senatuan ez gintuztela entzun nahi, baina argi daukagu, entzun, entzungo gaituztela. Are gehiago, gure jardueraren bidez, herritarron interesen eta beharrak aintzat hartuz, aurrera eginen dugu”, nabarmendu du Pozuetak.