AKTUALITATEA

| 2024-03-01

Astelehenean EH Bilduren lehendakarigaiak Irlandara bidaia egingo du bilera ezberdinak egiteko helburuarekin. Bi egunez egongo da bertan eta, tartean, Irlanda iparraldeko Lehen Ministro hautatu berri Michelle O’Neillekin elkartuko da. Astelehenean bertan, martxoaren 4an, izango da bilkura irlako iparraldeko legebiltzarrean, Stormonten (Belfast).

Martxoaren 5ean, asteartea, Dublinen izango da Otxandiano Mary Lou McDonald Sinn Féin alderdiko presidentea eta Dáil Éireannean Dublin Erdialdetik Teachta Dála denarekin. Horrez gain, hautagaiak egonaldia aprobetxatuko du uharteko etxebizitzaren egoera bertatik bertara ezagutzeko; izan ere, Irlandak bezala gure herriak partekatzen duen arazoa baita etxebizitzarena. Horretarako, Otxandiano Eoin O 'Broin, Dáil Éireaneko Teachta Dálarekin bilduko da asteartean bertan. Etxebizitza politika publikoetan eskarmentu handia du eta euskal errealitate politikoa ondo ezagutzen ditu O 'Broinek.

Bidaia hau Otxandiano aurrera eramaten ari den harreman instituzional eta nazioarteko harremanen dinamikaren baitan kokatzen da. EH Bildu eta Sinn Féinen artekoa harreman historikoa da eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala Irlandan ziklo politiko berria ireki da. Ziklo politiko berri bat zeinetan alderdi errepublikarra uhartearen bi aldeetako gobernuak lideratzera deitua dagoen.

Beraz, bidaia honekin EH Bilduk eta Pello Otxandianok bere aspirazio sozial eta nazionalak sinkronizatu nahi dituzte, hauteslegoak subiranista eta ezkertiarra den alternatiba politikoari gero eta babes gehiago ematen dion momentu honetan.