AKTUALITATEA

| 2025-09-19

Legez besteko proposamen bana aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, eta bertan interpelazio zuzena egiten zaie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: Herri palestinarraren okupazioan eta errepresioan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten edo onura ateratzen duten enpresekin gaur egun indarrean dauden kontratu eta lankidetza harremanei amaiera ematea, kontratua berrikusteko mekanismoak bermatuz, harreman horiei ahalik eta epe laburrenean amaiera emateko, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Aldi berean, kontratazio publikoa giza eskubideak, nazioarteko lan-arauak eta nazioarteko zuzenbidearen printzipioak errespetatzen dituztela egiaztatzen duten enpresa eta hornitzaileetara bideratzea eskatu die EH Bilduk Jaularitzari eta Nafarroako Gobernuari, gizarte-klausulak eta giza eskubideen inguruko beharrezko arretari buruzko xedapenak txertatuz, bi gobernuen konpromiso instituzionalekin eta Europar Batasuneko estandarrekin koherentzian.

Etorkizunean, Palestinako lurraldeen okupazioan eta errepresioan erabilitako armamentua, teknologia militarra edo zaintza-teknologia ekoizten, hornitzen edo merkaturatzen parte hartzen duten enpresa israeldarrekin kontratu-harremanik edo lankidetza-akordiorik ez ezartzea ere eskatzen die ezker subiranistak bi gobernuei, parlamentuetan erregistratutako ekimenetan.

Amaitzeko, EAEko eta NFEko administrazioen edozein esparrutan Israelgo ordezkariak barne hartzen dituen merkataritza-, kultura- edo kirol-jarduerarik ez babestea eskatzen du EH Bilduk, ez eta jarduera horiekin lankidetzan aritzea ere, nazioarteko legeria betetzen duten arte.