AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-03-30

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak solasaldia egin du, gaur eguerdian, Lezoko Gazte Topagunean. Solasaldi horretan parte hartu dute berarekin batera Eraitz Saez de Egilaz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak, Edurne Benito del Villa Bizkaiko hautagaiak eta Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkariak eta Donostiako zinegotziak. Apirilaren 21aren ondoren azkartuko den ziklo politikoaren aldaketan gazteak protagonista izan behar direla esan du Otxandianok, solasaldia abiatu aurretik hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.
 


​Lehendakarigaiaren hitzetan, «ziur gaude apirilaren 21ean inflexio puntu bat gertatuko dela. Ziklo politiko berri batean gaude. Apirilaren 21ean ziklo politikoaren aldaketa bizkortu egingo da, eta horretarako ezinbestekoa da gazteen bultzada. Gazteekin batera egon behar da bidea. EH Bildu ez dator gazteak ordezkatzera. EH Bildu dator bidea gazteekin batera egitera».

«Ezinbestekoa da gazteei bizi eta lan baldintza duinak bermatzea. Horrek zerikusi zuzena du etxebizitzarekin eta lan merkatuan aurkitzen dituzten lan baldintzekin. Baina horretaz aparte, gazteak egin behar dira etorkizunaren protagonista eta jabe. EH Bildu horretarako tresna izan behar da», adierazi du.