AKTUALITATEA

| 2019-11-06

Oskar Matutek subiranismoak igandetik aurrera izango duen garrantzi erabakigarria azpimarratu du gaur arratsaldean Durangon, Idurre Bideguren senatariarekin batera. Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, “ezin da gobernura desblokeatu subiranistak kontuan izan gabe, apirilean bezala, giltza gure eskuetan izango delako berriro orain”. Beraz, ohartarazi du, “euskaldunok eta katalanak gara Moncloan nor egon eta nor ez egon erabakitzen dugunok, subiranistak gara presidenteak jarri eta kentzen ditugunok eta, Sanchezek demokrazia defendatzea erabakitzen badu, entzuteko prest egongo gara, baina Vox-en bazkideek zehaztutako bidea hartzen badu, aurrez aurre izango gaitu”.

Kanpainan zehar argi geratzen ari da “Espainiako Estatuko alderdi handiek demokraziaren aurkako beren erasoaldiarekin jarraitzen” dutela, salatu du Matutek, eta, horren ildotik, “eskuinaren programa politikoa erostea” leporatu dio Sanchez PSOEko hautagaiari, eskuinari erosi baitio “web orrialdeak ixteko turkiar erako dekretua, Puigdemont presidentea jazartzea eta Euskal Herrian erreferendumak egitea debekatzeko Aznarrek erabilitako lege bera”. Finean, “PSOEk Franco desobiratu du eta orain Aznar berpiztu nahi du”, erantsi duenez.

Une honetan, kritikatu du Matutek, “Vox-ekoak dira Espainiako politikagintzaren orkestra zuzendariak, eta entzuten den musika No-Dotik atera dutela ematen du, Sanchez ere Vox markako politika egiten ari delako”. Horren adibide da, bere iritziz, “Errenterian manifestazio eskubidea praktikan jartzeagatik sei pertsona deklaratzera deitzea, Sanchezek fiskaltza bere jostailua bailitzan erabiltzen baitu”, botere banaketaren oinarrizko printzipioa urratuta.

Idurre Bideguren: “EH Bildurena da boto abertzale eraginkor bakarra”

Bizkaiko zerrendaburuarekin batera, Idurre Bideguren senatariak ere parte hartu du Durangoko ekitaldian, non mezu zuzena helarazi dien “Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala sinesten duten herritar abertzaleei”. Bidegurenek azpimarratu du EH Bildurena dela “boto abertzale eraginkor bakarra, Madrilen erabakitzeko eskubidea defendatuko duen bakarra, EH Bildu delako subiranista katalanekin eta galegoekin eskuz esku eta elkarlanean aritu daitekeen bakarra”.

Senatariak azaldu duenez, “Llotja del Mar-en gutxieneko programa bat izenpetu genuen subiranistok ondo ulertu dugu zer nolako bide antidemokratiko hartu duen Estatuak eta indarrak elkartuta bakarrik egin ahal izango diogula aurre norabide oker horri, soilik subiranismotik eraiki daitezkeelako gizarte aurreratuak eta erabat demokratikoak”.