AKTUALITATEA

| 2022-04-25

Alderdi politiko bateko kideak espiatzea ezin da normaltzat hartu. Duela astebete jakin genuen, beste hainbat politikari independentistekin batera, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu EH Bilduko Espainiar kongresuko kidea espiatuak izan zirela Pegasus sistemaren bitartez.

 

Gertakari horrek, agerian utzi du berriz ere Espainiar Estatuak bere proiektuarekin bat ez datorren edozein militantzia politiko jazartzeko duen estrategia. Zorritzarrez, ordea, adierazi behar dugu azken berri honek ez gaituela inondik inora harritzen, azken hamarkadetan zehar hamaika izan direlako Espainiar Estatuaren partez jasotako legez kanpoko erasoak eta jazarpen ahaleginak.

 

Hau esanik, ezin daiteke inondik inora "normaltasunez" hartu horrelakorik. Berriro ere, agerian geratu da, demokraziaren eta askatasunaren defendatzaile handiek, ez dutela inolako konplexurik, haien interesen aurkako ezein ahalegin deuseztatzeko. Estatu espainolaren demokrazia mailaren eskasia berriro ere agerian geratu da.

 

Isiltasuna nagusi

 

Hori esanik ere, harridura eta kezka aipatu nahi ditugu, Euskal Herriko bigarren indar politikoko koordinatzaile orokorra eta kongresista bat espiatu dituztenean, astebete igaro den honetan Euskal Herriko hainbat alderdi politikoek ez dutelako txintik ere esan. Ziur egonik ere espiatu dituzten bakarrak ez direla izan, ez da onargarria astebete igaro den honetan deus ez esana. Politikoki horrek ere hainbat kontu erakusten ditu.

 

Nolatan ulertu dezakegu demokratikoki hautatua izan diren politikariek, estatuaren partetik halako jazarpena jasotzea? Nola egon daitezke praktika antidemokratiko eta autoritario hauek?

 

Horregatik guztiagatik, EH Bildutik argi dugu: Jazotakoa ez da onargarria eta ezin daiteke onartu. Beste alde batera begiratzeari uzteko garaia da. Are gehiago, ziur egonik ere euskal politikari bakarrak ez direla izan.