AKTUALITATEA

Zaintza | 2024-10-03

Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren lehen 100 egunen balorazioa egin du Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan. «Formak aldatu direla ikusten da, arazoak daudela onartzen da, eta orain politika zehatzak espero ditugu. Herrian eman behar diren eraldaketak kolideratzeko prest gaude», adierazi du Kortajarenak.

Osakidetzari buruz aste honetan Jaurlaritzari aurkeztu zaion diagnostikoari dagokionez, bozeramaileak gaineratu du proposamenaren helburua «egiturazko gaiak arretaz aztertzea» dela. «Dokumentuan Osakidetzaren egoera zeharkatzen duten oinarri nagusiak aztertzen dira: kontratazio-politikak, gobernantza-eredua eta harreman publiko-pribatua», esan du.

Era berean, estatus politikoari dagokionez, legegintzaldiko eztabaida nagusia dela azpimarratu du Kortajarenak: "Ditugun eskumenak higatzen ari dira. Hemen hartzen diren erabakiak Estatuan murriztuta edo baliogabetuta daude. Eskumen gehiago behar ditugu, baina hemen hartzen diren erabaki horiek blindatuta egotea ere behar dugu».