Nerea Kortajarena legebiltzarkideak zerga erreformari buruzko eztabaidan «seriotasuna eta rigorea» eskatu ditu, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. «Irailean, aurrekontuen inguruko proposamena egin genuenean, eztabaida hau batera ematea eskatu genuen eta epelak entzun genituen. Gerora, aurkeztu zitzaigun proposamen bat tragala bat bezala planteatuta. Aldaketa txiki batzuk egin nahi badira, PPrena da bidea. Garaiko erronkak eskatzen duten bezala sakoneko zerga erreforma egin nahi bada, Europarekin parekatuz, EH Bildurena da bidea. Mahai gainean dugun proposamena, erregresiboa da», adierazi du bozeramaileak.
Elkarrizketaren beste ardatzetako bat etxebizitzaren gaia izan da. «Etxebizitzarekin daukagun arazoa ez da marketinarekin konponduko, borondate politikoa da behar dena», azpimarratu du Kortajarenak. Jaurlaritzak gaurko antolatutako Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaz galdetuta, Kortajarenak esan du «foroak interesgarriak izan daitezke, baina ezin dira aitzakia izan beharrezkoak ditugun eztabaidak atzeratzeko». «Sinesgarritasun arazo bat ere badago. EAJ blokeatzen ari dira etxebizitzaren sarbiderako aukerak. Udalak gune tentsionatuak izendatzeko ahalegin handia egiten ari dira, baina Eider Mendoza buru duen Foru Aldundiak ez du prezioen indizea aurrera ateratzen. Kezkatuta gaude. EAJ eta PSEren arteko desadostasunak izan daitezke edo EAJk ez du egikaritu nahi Etxebizitza Legea», salatu du.