AKTUALITATEA

| 2025-02-26

Nerea Kortajarenaren adierazpenak: 

2024ko urrian, proposamen bat egin genien EAJri eta PSEri, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusiak koalizioan gobernatzen dituzten alderdiei. Gure herriak aurrean dituen erronkez jabetuta, elkarlanerako eta elkarrizketarako espazio bat sortzea eskaini genien. Ziurgabetasun-testuinguru batean, diru-bilketaren aurreikuspenak bete gabe zeudela eta etorkizunerako zailtasun ekonomikoen zantzu argiak zeudela, gure eskaintzak egonkortasuna eta aurreikuspena bilatzen zituen.

Gogoratuko duzue aurrekontu-akordio global bat planteatu genuela, eta, ezinbestean, zerga-bilketaren eta zerga-sistemaren erreforma bat jaso behar zuela. Hala ere, EAJk eta PSEk proposamen hura atzera bota zuten, gure ustez modu trakets eta desegokian. Denborak berretsi egin du seinalatzen genuena: gaur gehiengoz onartutako erreforma fiskal sakon bati buruz hitz egiten egon gintezke. Zoritxarrez, ez da horrela, EAJk eta PSEk beste bide bat hautatu dutelako.
Erreforma sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, egiturazko arazoei heldu beharrean, egoera makilatzen duten kenkariak eskaintzera mugatzen dena, sakonetik konpondu gabe. Arau proposamen hau egungo egoera ekonomikoak eskatzen duen erreformatik oso urrun dago. Onartua izateko gehiengoaren babesik lortzeko gai ez izateaz gain, ezer ez erreformatzeaz gain, ziurgabetasuna handitu eta diru-bilketa murriztea ekarriko du. EH Bilduren aburuz, egoera hau kezkagarria da, herritarren ongizaterako funtsezkoak diren zerbitzu publikoen kalitatean eragin zuzena izango baitu, atzo EH Bilduko alkateek adierazi zutenez.

Hori dela eta, EH Bilduk iragarri nahi du erantzukizunetik eta sakoneko zerga erreforma bultzatzeko asmoz, OSOKO ZUZENKETA aurkeztuko duela EAJk eta PSEk hiru Batzar Nagusietan onartu nahi duten ukitu fiskalari.

OSOKO ZUZENKETA aurkeztu dugu, proposatutakoa ez baita zerga-erreforma bat, baizik eta kenkari efektisten zerrenda bat, gure zerga-bilketarako ahalmena murrizten duena.

Osoko zuzenketa horrez gain, zuzenketa partzialak ere aurkeztuko ditugu, elkarrizketa irekitzeko eta, gure ustez, benetako zerga-erreforma batean landu behar diren funtsezko gaiei buruz eztabaidatzeko. Europako herrialde aurreratuenekin lerrokatutako zerga-sistema aurrerakoi, berdinzale eta  progresibo bateranzko bidean aurrera egiteko proposamenak. Zehazki, hau proposatzen dugu:

1. PFEZn kapital-errentei ematen zaien tratu pribilegiatua ezabatzea eta lan-errenten tributaziora hurbiltzea.
2. Kapital Errentetarako eskala berri bat sartzea, Nafarroakoa bezalakoa, egungoa baino progresiboagoa eta euskal lurraldeen arteko dumping fiskala saihestuko lukeena. Gainera, araua indarrean sartu eta urtebeteko epean azterketa bat egitea proposatzen da, bost urtean, pixkanaka, Errentaren gaineko Zergan oinarri bakarra txertatzeko.
3. PFEZn ere Nafarroan indarrean dagoen eskala aplikatzea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa baino progresiboagoa baita, beste bi tarte gehituz.
4. Kenkariak aplikatzeko eredua aldatzea, Europako beste herrialde batzuen antzeko sistema bat hartuz. Gaur egun, laguntza asko (etxebizitza, ezgaitasuna, familia) errenta aitorpenean kenkari gisa ematen dira, eta horrek errenta baxuenak dituztenak kanpoan uzten ditu. Kenkari horiek itzulgarriak izatea proposatzen dugu, urtean 20.000€ baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenei ere onurak ekarriko dizkietela bermatzeko.
5. Enpresa handiek beren mozkinen gaineko zerga oinarri eraginkorra ordaintzen dutela bermatzea, gutxieneko kuota erreal bat ezarriz, kenkariek eta salbuespenek beren ekarpen fiskala nabarmen murriztu ez dezaten. Hori funtsezkoa da industria-sarean inbertsio publikoari eusteko.
6. Sozietateen gaineko Zerga urtebeteko epean sakon berrikusteko konpromiso politikoa.
7. Enpresen kenkariak etengabe ebaluatzeko sistema bat ezartzea, enpresen karga fiskala murrizten dutela baino beren helburua betetzen dutela ziurtatzeko.
8. Urtea amaitu baino lehen Ondarearen gaineko Zergaren erreforma aurkeztea, gutxienez egungo Ondarearen gaineko Zergaren eta Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zergaren inposaketa bateratuari eusteko helburuarekin.
9. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Organoaren gomendioei kasu egitea, adingabeak zaintzeagatiko kenkaria gizonen eta emakumeen artean berdintzen dela bermatuz.
10. Errentatzaileentzako hobariak alokairuaren prezioa benetan murriztearekin lotzea, alokairua Bizigune bezalako programa publiko baten baitan egiten bada edo erreferentzia indizeak ezarritako gehienezko prezioak errespetatuz aplikatzen direla ziurtatuz.

Zuzenketa hauen bitartez, fiskalitatearen garrantzia aldarrikatu nahi dugu, datozen hamar urteetan euskal gizartearen ongizatea bermatzeko ezinbesteko tresna baita. Gure erakundeen diru-bilketa ahalmena indartzen ez badugu, nola eutsiko diegu zerbitzu publikoei? Nola sortuko dugu aberastasuna? Eta nola banatuko dugu modu bidezkoan?

2025ean gaude eta zain ditugun erronka eta eraldaketa handiei aurre egiteko prestatu behar gara. Etorkizunari begira jarduteko unea da. Sektore publiko indartsua eta egonkorra behar dugu, ez bakarrik orain, baita datozen urteetan ere. Eta hori posible izango da soilik zerga-eredu aurrerakoi eta zuzen batekin.
Europako herrialde aurreratuenetara begiratzeko unea da.

Une honetatik bertatik, EAJ eta PSEri dei egiten diegu eskaintzen diegun aukera baliatu dezaten. Azken hilabeteetan ikusi dugun inprobisazioa eta anbizio falta zuzentzeko gonbidapena da hau. EH Bildu sakoneko erreforma fiskala negoziatzeko prest dago, eta hala balitz, osoko zuzenketa erretiratzeko. Ez dugu gure borondatea demostratu beharrik, euskal gizarteak badakielako hitzezkoak garela eta beti egongo garela jendearen bizi-baldintzak duintzearen alde lanean.