AKTUALITATEA

| 2022-06-16

EH Bilduk egitasmo bat aurkeztuko du Senatuan, Irun eta Hendaia arteko mugako kontrolen indartzea salatzeko eta bizi den krisi humanitarioari aterabide bat topatzeko asmoz. Hala iragarri du gaur Idurre Bidegurenek Irunera eginiko bisitan. Irungo Harrera Sarea-ren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du senatari subiranistak.

Azken urteotan, bai Gipuzkoa eta baita Lapurdi ere zonalde garrantzitsu bilakatu dira migrazioari dagokionez, Afrikatik iristen diren pertsonentzat nahitaezko igarobide bihurtu delako. Haien bidaiarekin jarraitzeko helburuarekin heltzen dira gehienak euskal lurretara, bizitza duin baten bila, Frantziako Estatura edota Europako iparraldera iristeko asmoz.

Zentzu horretan, EH Bilduk ohartarazi du Irun eta Hendaia arteko arrazagatiko kontrolen eta presio polizialaren ugaritzeak migrazio-fluxuen tapoi efektu arriskutsu bat sortu duela. “Euskal Herrian hildako zortzi pertsonak dira horren ondorio larriena”, gogorarazi du Bidegurenek Irunera egindako bisitan.

Irungo zinegotziekin eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailearekin batera Irungo Harrera Sarea-rekin bildu ostean, EH Bilduko senatariak lehen eskutik baieztatu ahal izan du geroz eta gehiago direla harrera protokoloen bidez artatuak ez diren pertsonak; eta, horren ondorioz, kalean bizitzera kondenatuta daudenak. Egoera horri erantzuna ematea du helburu Harrera Sareak, abandonatuta eta eskubide gabe geratzen diren pertsonak laguntzeko.

Egoera lazgarri horren aurrean, esku hartzea erabaki du EH Bilduk, eta mozio bat aurkeztuko du aurki Senatuan, Espainiako Gobernuari eskatuz kezka eta konpromiso irmoa agertu dezala Irun eta Hendaia artean bizi den krisi humanitarioari aurre egiteko. Migrante eta errefuxiatuentzat korridore humanitario seguruak sortzeko eskatuko du ezkerreko talde subiranistak, Europako erakundeekin elkarlanean. Era berean, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak Frantziako instituzioen eskutik lankidetzan aritzea partekatutako mekanismoak garatzeko, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren aurkakoak diren edozein motatako arraza, kolore, jatorri edo identitate jokaera baztertzaileak saihesteko.

 

8.115 pertsona baino gehiago izan dira artatuak

Frantziako Estatuak Europar Batasunaren baitako mugikortasun askerako zonalde batean ezarri duen arrazagatiko kontrol finkoen ondorioz sortutako krisi humanitarioak bultzatu du EH Bildu mozioa aurkeztera. Bere garaian, neurri hori argudiatzeko balizko “alerta terrorista” erabili zuten Frantziako erakundeek, eta pandemiak sortutako osasun egoeraren aitzakiapean, Europar Batasunetik kanpoko herritar guztiei sarbidea debekatu zitzaien. Aitzitik, egungo egoera honakoa da: Frantziako Poliziak pertsona arrazializatuei baino ez die sarbidea ukatzen; are gehiago, pertsona horiek atzematen dituztenean, mugaz bestaldera itzultzen dituzte berehala, migratzaile eta errefuxiatuei bakarkako asilo prozesu bat jasotzeko dagokien eskubidea ukatuz.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratutako datuen arabera, Irun eta Hendaia artean 8.115 pertsona artatu zituzten migratzaileen arretarako baliabideen bidez 2021ean; azken lau urteetako datu altuena da.