AKTUALITATEA

| 2025-12-11

EH Bilduk euskararen aurkako oldarraldi judizialaren azken kapitulua salatu du, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, CCOO sindikatuaren helegite bat aintzat hartuta, alor publikoan jarduteko enpresei jarritako hizkuntza klausula batzuk baliogabetu eta gero. Izan ere, Auzitegi Nagusiak ezagutzera eman berri duen epai batek atzera bota ditu Jaurlaritzak 2023an euskararen normalizazioaren bidean onartu zituen hainbat irizpide.

Josu Aztiria legebiltzarkideak ohartarazi duenez, epaia “euskararen eta geure erakundeen kontrako beste eraso bat da, jauzi handi bat, izugarria, erasoaldiaren eskalan”. Bere iritziz, “une honetan, euskararen auzia oinarrizko auzi demokratiko bihurtu da, eta demokrazian sinesten dugun guztiok interpelatzen gaitu”. Hori horrela, euskararen normalizazioan aurrera egin ahal izateko, “segurtasun juridikoa eta geure arkitektura juridiko-instituzionala sendotasunez blindatzea inoiz baino garrantzitsuagoa” dela iritzi dio Aztiriak, eta azaldu du Legebiltzarrean EH Bilduren ekimenez tramitatzen ari den Enplegu Publikoaren Legearen erreforma lehen urratsa dela norabide horretan.

Azkenik, gaur Ikama gazte erakundeak euskararen alde deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du, “ea kaleko bultzadarekin eta Legebiltzarreko lanarekin euskararen kontrako oldarraldia euskararen eta demokraziaren aldeko indarraldi bihurtzen dugun”.