AKTUALITATEA

Aurrekontuak | 2024-10-29

Nafarroako Gobernuarekin 2025ko aurrekontuei lotutako akordioa sinatu du EH Bilduk, gaur arratsaldean. Modu honetara, talde parlamentarioak konpromisoa hartu du 2025ko Nafarroako Aurrekontu orokorren legearen onartzea ahalbidetzeko, abstentzio bidez. Laura Aznal bozeramaileak eta Adolfo Araiz parlamentariak azaldu dutenez, «herritarrekiko duen konpromiso irmoa eta oposizio kolaboratzailea» abiapuntu, Nafarroako kontuak hobetuko ditu akordioak, jendearen egunerokoan eragin zuzena duten arazoei soluzioa emateko helburuz. 

Ildo horretan, akordioaren balio politikoa azpimarratu du Aznalek: «Akordio honekin, hamarkada bat beteko da UPNk eta eskuinak ez dituztela Nafarroako politika publikoak baldintzatzen. Gaur ez gaude duela hamar urte ginen egoeran. Nafarroak alor sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko norabidea finkatu dugu. EH Bilduren epe luzerako begirada eta papera erabakigarria izaten ari da horretan». Zerbitzu publikoak indartzeko eta gehiengo sozialaren baldintzak hobetzeko bide horretan, EH Bildu eta Nafarroako Gobernuaren artean egonkortutako lankidetza tresna eraginkorra izaten ari dela iritzi dio bozeramaileak. 

Aurreko urteetan EH Bilduk egindako ekarpenak aurreproiektuan kontsolidatu dira; eta aurten osasungintza, zaintza, trantsizio energetikoa, hezkuntza edota euskaren sustapena indartzeko eta ereduak aldatzera bideratutako ekarpenak egin ditu taldeak eta jaso egin ditu gobernuak. «Esate baterako, helduen euskalduntzerako laguntzak indartu ditugu, urrats esanguratsu bat lortuz: A1 mailaren erabateko doakotasuna». Halaber, akordio orokor honekin, gobernuaren departamentu guztietan eragina izango duten konpromiso politikoak adostu ditu ezker subiranistak. 

Aberastasunaren banaketa: pentsioek, osagarriek eta kenkari negatiboak 14.490 euroko gutxieneko errenta izatea ahalbidetzen dutela bermatuko du neurri fiskalei buruzko Foru Lege Proiektuak. Hau da, 1035 eurokoa izango da gutxieneko errenta,  14 ordainsaritan. 

Osasungintza: Gobernuak konpromisoa hartu du, neurri zehatzen bitartez, Lehen Mailako Arreta indartzeko eta arreta espezializatuko itxaron-zerrenden murrizketa bermatzeko.

Etxebizitza: Besteen artean, eremu tentsionatuen deklarazioan udal eskumenak errespetatuko ditu gobernuak eta landa eremuaren beharretara egokituko du alokairu poltsa. 

Zaintza: Datorren urtean, egungo egoitza-eredua aldatzeko eta arreta duintzeko plana diseinatuko du, eta konpromisoa hartu du exekutiboak; baita egoitzetako, esku-hartze sozialeko eta desgaitasuneko hitzarmen kolektiboen negoziazio-prozesuetan duen inplikazioa areagotzeko ere.  

Hezkuntzan. Urratsa adostu dira ratioen jaitsiera linealean, errefortzu orduetan, 0-3aren duintzean edota euskarazko ereduaren eskaintzan.

Akordioaren ondorioz, EH Bilduk konpromisoa hartu du edozein talde parlamentariok aurkez ditzakeen osoko zuzenketen edo zuzenketa partzialen aurka bozkatzeko, bai eta gobernuko taldeekin adostutakoak guztien alde bozkatzeko ere, aho batez bozketaren beste zentzu bat erabakitzen ez bada behintzat. Gobernuak 4.420.000 euroko kreditua bideratuko ditu EH Bilduren talde parlamentarioak bere garaian aurkeztuko dituen zuzenketa partzialak finantzatzeko.