EH Bilduk, Europako Ezkerraren Aliantzan (ELA) osatutako 8 alderdi politikorekin batera, ekimen herritarra jarri du abian, Europar Batasunari Israelekin duen merkataritza akordioa bertan behera uzteko eskatzeko. Europako Herritarren Ekimenak milioi bat sinadura bildu nahi ditu. Gaur egin dute aurkezpena Bruselan, ekimenaren hainbat sustatzaileren parte-hartzearekin; besteak beste, Igor Zulaika EH Bilduko Politika eta Nazioarteko Harremanetako arduraduna izan da bertan.
Gazak eta Palestinak bizi duten egoera munduan zehar dabilen olatu autoritarioaren ondorio ere badela esan du Zulaikak, eta “benetako mehatxua” dela munduko herrientzat eta demokraziarentzat. “Gazak eta Palestinak urteak daramatzate autoritarismoaren gutxiespena erakunde aldeaniztunei erakusten eta zuzenean emandako Genozidio baten aurrean ezer egin ez duen nazioarteko komunitatearen rasero bikoitza”. Zentzu horretan, giza eskubideen bermatzaile gisa aurkezten den Europar Batasunak “huts egin”duela” azpimarratu du, eta Israelekin dituen harremanak bere horretan mantentzea deitoratu du. Gazako eta Palestinako egoerak, AEBk Venezuelaren aurka egindako erasoak bezala, erakusten du, Zulaikaren hitzetan, “nazioarteko ordenaren kolapsoa, eta argi uzten du AEBren atzetik ibiltzea akats bat dela, eta ezin dugula hori onartu”.
EH Bilduko Politika eta Nazioarteko Harremanetarako arduradunak balioan jarri du atzo euskal ezker subiranistaren Mahai Politikoak onartutako adierazpena, ez baitu etsipenean erortzeko proposamenik egiten, euskal eta europar mailako erantzuna planteatzen duelako, eta horretarako ezinbestekoak dira indar politikoen arteko lankidetza eta herritarren aktibazioa proposatzen duelako.
“Beste Europa bat posible” dela adierazi du, eta “gerrari alternatiba bat eta etsipena” eraikitzen jarraitzeko deia egin du. Alternatiba hori, Zulaikaren iritziz, “herrien burujabetzan eta errespetuan” oinarritzen da, eta “Palestinarekiko elkartasunean indarrak artikulatzea izan behar da abiapuntua”.
Zentzu horretan, Israelekin egindako merkataritza akordioa bertan behera uzteko gaur aurkeztu den Europako Herri Ekimena “instituzioen ekimen ezaren aurrean herritarren aktibazioak duen garrantziaren adibide da”, esan du Zulaikak. Hala, euskal herritarrak Ekimenarekin bat egitera gonbidatu ditu, “Europar Batasunak genozidioaren konplize izateari utzi eta Israelekin duen akordioa bertan behera utz dezan”.
Sinadurak biltzeko ekimenak Euskal Herrian lur hartuko du datozen asteetan, eta lurralde osoan zabalduko da, EH Bilduko militanteen lanari esker, sinadura bilketan ekintzaile izango baitira.
SINATU EKIMENA HEMEN