AKTUALITATEA

| 2020-07-07

Mikel Oterok Vox Gasteizko Legebiltzarrean sartzearen arriskuaz ohartarazi du gaur arratsaldean Santurtzin eta EH Bildu bozkatzera deitu du hipotesi hori uxatzeko, “faxismoaren aurrean boto baliagarria euskal ezker subiranista” delako. Hortaz, “igandean hautestontziak EH Bilduren boto-paperekin betetzea” eskatu du, “Voxi esateko frankismoak ez duela lekurik gure herrian, duintasun demokratikoa dugula”. Zentzu horretan, Arabako zerrendaburuak EH Bilduren izaera antifaxista goretsi du: “EH Bildu beti izan da eta izango da faxismoa geratu duen horma. Maroto Gasteizko Alkatetzatik atera genuen eta gero, Iñaki Ruiz de Pinedorekin, Sotosalbosera bidali genuen. Igandean, beraz, ez dago beste aukerarik: EH Bildu ala Vox. Ez dira ez pasa ez pasako”.

Oterok adierazi duenez, “orain inoiz baino gehiago, bozkatzea betebehar zibikoa da, pertsona eta herri gisa ditugun eskubideak arriskuan jartzera etorri den eskuin muturrari aurre egiteko. Partida hori auzoz auzo eta hautestontziz hautestontzi jokatuko da, oso bereziki Araban, bertako azken diputatua EH Bildu eta Voxen artean jokatuko dugulako. Partida argi dago, beraz: Vox Parlamentuan sartzea saihesteko modu bakarra EH Bilduren boto-papera da”.

Eskuin muturra gelditzea ez da, dena den, Oteroren helburu bakarra hauteskunde hauetan. “Asko dugu jokoan, krisiari irtenbide duina ematea edo faktura betikoek ordaintzea, lan eskubideak edo prekarietatea, guk hemen erabakitzea edo beste batzuek Madrilen erabakitzea. Igandean erantzukizun historikoa daukagu”.

Jasone Agirre: “Boto subiranista eta ezkertiar bakar bat ere ez etxean”

Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak ere boto guzti-guztien garrantzia azpimarratu du Santurtzin, duela lau urte koalizioak Bizkaiko azken eserlekua boto gutxi batzuengatik lortu zuela gogora ekarrita. “Igandean ere boto bakoitzak bere balioa izango du eta guztiak izango dira beharrezkoak. Beraz, boto suberanista eta ezkertiar bakar bat ere ez dadila etxean geratu eta ezusteko bat emango dugu”.

Aldaketa bermatzen duen boto bakarra EH Bildurena dela azaldu du Agirrek, bai eta aldaketa igandean hasiko den ziur agertu ere. “Aukeratzeko unea iritsi da: edo Mendia-Urkullu koalizioa edo EH Bildu, edo adabakiak edo soluzioak, edo errentetatik bizitzea edo etorkizunari begiratzea. Mendia-Urkullurena ukoen koalizioa da: batzuek abertzale izateari uko egin diote; besteek, sozialista izateari. EH Bilduren alde bozkatzea, aldiz, erabakitzeko eskubidearen alde, langileen eskubideen alde, gazteentzako etorkizun baten alde, pentsio duinen alde bozkatzea da”.