AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-05-16
Ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk, gaur arratsaldean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bakartxo Ruiz Mahai Politikoko bozeramaileak, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategaiak hartu dute hitza.
 
 
Bakartxo Ruiz: “EH Bildurena da ultraeskuina geldiarazteko boto eraginkorrena”
 
EH Bildu lanean egon da eta egongo da jende gehienari interesatzen zaion agendaren alde. Guk esan dugu batzuek Espainiako politikatik okerrena inportatu diotela euskal politikari. Hori hain da horrela, atzo Sanchezi entzun genion esaten Espainiako eskuinak ETAren argudioa baino ez duela bere proiekturik eza ezkutatzeko. Bada, esan beharra dago EAEko eta Nafarroako eskuinak argudio bera dutela: Osakidetza-ETA, Zaldibar-ETA, De Miguel-ETA...
 
Zer egin du EH Bilduk? Eztabaida politikoaren maila igotzea eta jendeari benetan axola zaizkion gauzei buruz hitz egitea.
 
Gaur egun, elkarbizitza demokratikoari egindako ekarpena izan da, eta agurtu eta txalotu egiten dugu. Guk ere gure erantzukizuna dugu horretan, eztabaida elkarbizitza bezalako gai garrantzitsuekin lokaztu nahi dutenek duten bezala.
 
Gaur, berriz ere, ezker independentistak albiste ona ekarri dio herri honi. Eta gaur, berriz ere planteatzen dugu herritarren arazoez eta ezker independentistak proposatzen dituen konponbideez hitz egin behar dela. Guk zubiak eraikitzen jarraitzen dugu; beste batzuek, lubakiak eraikitzen jarraitu nahi badute. Gu gurera: zubiak eta konponbideak.
 
Bidetik aterata eta bazterrean nahi gaituzte, ondo baino hobeto dakitelako EH Bildu dela ultraeskuina geldiarazteko boto eraginkorrena, EH Bildurena dela herritarrei konponbideak eskaintzen dizkien boto eraginkorrena, EH Bildurena dela herri honen bake eta elkarbizitzari ekarpena egiten dion boto eraginkorrena.
 
 
Maddalen Iriarte: “Zerbitzu publikoak desegiten ari direnen aurrean, guk osasuna, hezkuntza, adinekoen arreta edo berdintasun politika publikoak lehenesten ditugu”
 
Hauteskunde ziklo hau  erronka handiei aurre egiteko gehiengoak sortzeko baliatu nahi dugu. Demokratikoagoak eta eraldatzaileagoak diren gobernantza ereduei bidea irekitzeko. Zerbitzu publikoak desegiten ari direnen aurrean, guk osasuna, hezkuntza, adinekoen arreta edo berdintasun politika publikoak lehenesten ditugu.
 
Atzean eta atzera begira nahi gaituzte. Euren aurretik eta aurrera begira aurkituko gaituzte. Izan ere, Tolosan eta Gipuzkoan, egonean egotearekin konformatu nahi duenak EAJ eta PSE dauzka. Orainetik eta etorkizunera begirako politikak nahi dituenak ordea, bi papeleta dauzka: Andurena eta Maddalenena. EH Bilduren papeletak. EH Bilduren aldeko bozka. Maite dugun Tolosa, Tolosaldea eta Gipuzkoaren aldeko bozka. Noski baietz!
 
 
Andu Mtnez. De Rituerto: “Elkarlanean eta gardentasunez arituko naiz Tolosako alkatetzara iristean”
 
Herritarrok argi erakutsi genuen aurreko larunbateko manifestazioan zein den gure nahi eta beharra. Hauteskundeen ondoren, Tolosako alkate gisa eta Tolosaldeko gainontzeko alkateekin elkarlanean Osasun Sailburuari gure eskualderako dituen asmoen berri ematera etor dadila exijituko diogu. Argitu dezala zer nolako ospitalea egiteko asmoa duten eta zer gertatuko den Asunción clinika zein bere langileekin. Ez dugu iruzurrik nahi, ez gaitzatela engainatu. Gauzak argi esan ditzatela, behingoz, eta eseri daitezela Tolosaldeko alkateokin mahai batean.
 
Zentzu horretan, bi konpromiso hartzen ditut gaurkoan zuen guztion aurrean: lehenengoa alboan ditudan alkategai eta alkateekin: Tolosako alkate gisa elkarlanean arituko naiz, Tolosari dagokion lidergotik zein gure baloreetan dugun kolaboraziotik, Ospitalea paperetatik errealitatera ekartzeko. Elkarrekin egingo dugu.
 
Eta bigarrena zuek guztiokin, Tolosako herritarrokin: Jaurlaritzak aldebakartasunari eta gardentasun ezari eusten badio alkate gisa izango dudan informazio guztia herritarrekin partekatuko dut, gardentasun osoz jardungo dugu.