AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-05-12
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur iluntzean Irungo Ficoban, udal eta foru hauteskundeen kanpainaren barruan, Gipuzkoako aurrenekoa. Maddalen Iriarte Gipuzkoako Ahaldungai Nagusiarekin batera, Oihana Briones Irungo alkategaia eta Oskar Matute diputatua izan dira ekitaldian.
 
Oskar Matute: “Lortu dute Euskal Herrira ekartzea Madrilgo politikaren alderdirik txarrena”
 
Konturatuko zineten hauteskunde kanpaina honen inguruan dagoen zarataz. Dagoeneko lortu dute Euskal Herrira ekartzea Madrilgo politikaren alderdirik txarrena: zarata, eztabaida antzuak, herritarrei inporta ez zaizkien eta ezer ekartzen ez dieten liskarrak, eta, batez ere, jendeak eskatzen dituen irtenbideez ez hitz egitea.
 
Jendea kezkatuta dago eta soluzioak eskatzen ditu etxebizitzaren arazoa konpontzeko, Osakidetzarako, bizitzaren garestitzerako, pentsioetarako... Zarata horren eta liskarren eszenifikazioaren atzean gauza bakarra dago: jendearen interesak eta beren arazoen konponbideak erakundeetan ez egotea geldiarazi nahi dute. Zarata ateratzen dute konponbideez ez hitz egiteko. Zarata ateratzen dute, betikoek betikoa egiten eta betikoei laguntzen jarrai dezaten.
 
 
Maddalen Iriarte: “Herri honetan ez da akordio handirik egongo EH Bildu gabe”
 
Irunen EH Bildu indartsu bat ezinbestekoa da Gipuzkoa gaurkotzeko hasi dugun biderako. Irunen erabakigarriak izatea, Gipuzkoan EH Bilduk lortuko dituen emaitza onak berrestea da.
 
Irunek mezu bat bidali behar dio Euskal Herriari etorkizunerako: ezen, ez da akordio handirik egongo herri honetan, EH Bildu gabe.
 
Hauteskundetako galdera sinplea da: aurrera egin eta hobetu, ala egonean egotearekin konformatu. Izan ere, EAJk eta PSEk haien status quoa mantentzeko formuletan nahi gaituzte. Bai batzuek, zein besteek. Galdera sinplea da, edo ezberdinen artean akordioak egingo dituen Gipuzkoa eta Irun, edo gutxi batzuen interes eta eskuetan geratuko dena.
 
 
Oihana Briones: “Irun jendearekin, elkarteekin, eta auzoekin eraikiko dugu, eurei entzunez eta eurekin hitz eginez”
 
Badakigu nolako Irun eraiki nahi dugun eta nola egin nahi dugun: auzoetatik, jendearekin, auzo-elkarteekin, kirol- eta kultura-elkarteekin, beraiei entzunez eta beraiekin hitz eginez. Argi daukagu, eta orain ideia hori gure egunerokotasuna partekatzen dugun pertsonei helarazi behar diegu. Lagunei, lankideei, maitaleei, bizilagunei edo senideei.
 
Irungo errealitatea ondo ezagutzen dugu: badakigu aberatsa eta anitza dela. Potentzial hori aprobetxa dezagun eta eraiki dezagun pluraltasunetik hiri sendo bat.