AKTUALITATEA

| 2024-05-16

Parisko Zigor Auzitegiak Luhuso auziaren inguruak emandako epaia berri ona dela uste dute EH Bilduk eta EH Baik, daukan esangura politikoarengatik. Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri errudunak direla esan du auzitegiak, baina ez die zigorrik ezarri. Epaia berri ona dela uste duten arren, EH Bilduk eta EH Baik azpimarratu dute errugabeak direla ebatsi behar zuela epaitegiak.

Zigorrik ez jartzeak, EH Bai eta EH Bilduren esanetan, agerian utzi du Luhusoko ekintza kolektiboa erabat zilegia zela eta, aldi berean, Euskal Herriko bake prozesuaren eraginkortasuna. Agerian utzi du, halaber, Fiskaltzaren posizioaren ahuldadea. Zentzu horretan, epaiaren aurkako helegiterik ez jartzeko eskatu diote Fiskaltzari.

Amaitzeko, Euskal Herriak konponbide osoa behar duela agertu dute EH Baik eta EH Bilduk. Hala, preso, iheslari eta deportatu guziak etxeratzeko garaia dela adierazi dute, biktima guztiak aitortu eta memoria lantzeko.