AKTUALITATEA

Ekonomia | 2026-11-23

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiak agerraldia egin du gaur Bilbon, hainbat sindikalistarekin batera, Euskalduna ontziolako langile Pablo Gonzalez hil zutela 42 urte bete diren egunean. Ezker subiranistak langile mugimenduaren memoria historikoa aldarrikatu du, eta Euskal Herriko langileriaren ekarpena nabarmendu du bloke erreakzionarioa geldiarazteko eta herriaren etorkizuna eraikitzeko.

Otegik gogora ekarri du duela 42 urte Pablo Gonzalez hil zutela, Euskalduna ontziola, langileen eskubideak eta Euskal Herriaren etorkizun industriala defendatzen ari zela: "Gaur 42 urte betetzen dira Paolo Gonzalez hil zutela. Euskalduna defendatzen, langilegoa defendatzen, Euskal Herria defendatzen, Euskal Herriaren etorkizun industriala defendatzen. Gaur bere memoria gorde nahi dugu".

EH Bilduren idazkari nagusiak Bizkaiak eta euskal langile mugimenduak duten garrantzi historikoa ere azpimarratu du: "Hemen langile mugimenduaren ordezkariak daude. Bizkaia langile mugimenduaren lurraldea da. Hemen hasi ziren langile mugimenduak indartzen Euskal Herrian. Guk bat egiten dugu eta konektatzen dugu historia horrekin".

A29ko hauteskunde-prozesuari begira, Otegik adierazi du euskal langile mugimenduak ez duela bere etorkizuna zoriaren esku utziko, eta bloke erreakzionarioa geldiarazteko duen erantzukizuna nabarmendu du: "Albert Einsteinek esan zuen unibertsoak eta Jainkoak ez zutela dadoetara jokatzen. Euskal langile mugimenduak A29an ez du dado jokoetara jokatuko. Ez du arriskatuko bere borondatea".

Ildo horretan, honako hau gaineratu du: "Ez da dadoetara ez dela jokatu behar A29an. Bloke erreakzionarioa gelditu egin behar da, eta horretarako langile mugimenduaren ekarpena guztiz beharrezkoa da".

Otegiren esanetan, EH Bilduri emandako botoak bi dimentsio ditu: "EH Bilduri botoa emateak balio bikoitza du. Bloke erreakzionarioak gelditzen du eta Euskal Herrian garaituko ditugu. Eta, bigarrenik, euskal memoria, euskal langileriaren gehiengoaren memoria eta gaurko langile mugimenduaren interesak defendatuko duen botoa da".

Azkenik, EH Bilduren idazkari nagusiak ziurtasuna eta konpromisoa helarazi nahi izan ditu, euskal langile mugimenduari herriaren etorkizunean dagokion protagonismoa aldarrikatuz: "Gaur ez dugu dadoetara jokatuko. Gaur ziurtasun bat ematen dugu. Euskal Herriak garaituko du bloke erreakzionarioa. Langile mugimendua izango da Euskal Herriaren etorkizunaren protagonista nagusia".