AKTUALITATEA

| 2023-05-20
Ekitaldi politikoa egin du EH Bilduk, gaur eguerdian, Donostiako Katalunia plazan. Bertan hitza hartu dute Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiarako alkategaiak.
 
Arnaldo Otegi: “Boto eta indar gehiago behar dugu orain Donostian, etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatuko duten politikak egiten jarraitzeko”
 
Arrazoi asko daude EH Bilduri botoa emateko, baina esan behar dizuet gaur eta hemen Donostian arrazoi bikoitza dagoela EH Bilduri botoa emateko.
 
Zergatik diot arrazoi bikoitza EH Bilduri botoa emateko? Donostiako etxebizitzaren prezioa EAEko gainerako lurraldeetako batez bestekoaren bikoitza delako, etxebizitzaren prezioa bikoiztu egiten da EAEko gainerako lurraldeetako batez bestekoaren aldean.
 
Zergatik diot arrazoi bikoitza EH Bilduri botoa emateko? Donostiako etxebizitzaren prezioa donostiarren errentaren edo diru-sarreren bikoitza igo delako. Berriro diot, Donostiako etxebizitzaren prezioa donostiarren errentaren edo diru-sarreren bikoitza igo da
 
Zergatik diot arrazoi bikoitza? Izan ere, lizentziak ematen eta etxebizitza turistikoen kopurua handitzen jarraitu duten bitartean, gero eta gazte gehiagok utzi behar izan dute Donostia etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ez izateagatik. Azken hamar urteetan, 4.000 gaztek utzi dute Donostia (Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txosten bateko datuak dira). Berriro diot, 4.000 gaztek Donostia utzi behar izan dute, pisu turistikoen kopuruak gora egiten zuen bitartean.
 
EH Bilduri esker, orain alokairuei muga ezarri ahal izango zaie, EH Bilduri esker babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraiki ahal izango dira, EH Bilduri esker etxebizitza turistiko gehiago martxan jartzea geldiarazi da eta orain, boto gehiago behar ditugu, indar gehiago, besteak beste, etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatuko duten politikak egiten jarraitzeko.
 
 
Maddalen Iriarte: “Zuek idatziko duzue Gipuzkoaren biharko titularra”
 
Batzuek hauteskundeak bihar bertan izatea nahiko lukete. Oso luzea egiten ari zaie kanpaina. Saiatu direlako gu zokoratzen, saiatu dira gu baztertzen, gure proposamenak isilarazten. Baina badakizue zer? Ez dute lortu eta ez dute lortuko.
 
Eta guk, lortuko dugu. Egingo dugu. Gelditzen diren zazpi egunetan oraindik ere indar gehiagorekin aterako gara kaleetara, erantzungo ditugu herritarrek egiten dituzten galderak, beteko ditugu plazak, jarriko ditugu kartelak, pasako dugu megafonia.
 
Indartsuak garelako, EH Bildu zerbait bada, zuek guztiok zaretelako. Gure komunitatea, gure auzolan eder eta erraldoia. Ezinbestekoak zarete eta ezinbestekoak izango zarete maiatzaren 28an. Hortxe-hortxe gaudelako, badakitelako eta badakigulako. Titularrak oraindik ere idatzi gabe daude, eta badakizue nork idatziko dituen titular horiek? Zuek. Guk. Zuek idatziko duzue Gipuzkoaren biharko titularra. 
 
 
Juan Karlos Izagirre: “Donostia berreskuratu nahi dugu eta hori beste gobernu batekin eta beste egiteko modu batzuekin izango da”
 
Azkeneko asteotan Donostiako egoeraz hitz egiten aritu naiz zuekin, eta hau da ondorio nagusia: donostiarrak euren auzo eta hiriarekiko konexioa galtzen ari dira. Hau guzti hau azkeneko urteotan udal gobernuak hartu dituen edo ez dituen erabakien ondorioa da. Hau da, Goia eta bere gobernuaren politiken ondorioa da..
 
Guk argi daukagu honaino ekarri gaituenak, eta dena ondo egin duela uste duenak, ezin du egoera hau berbideratu. Eneko Goiari honaino esateko garaia da. Donostia berreskuratu nahi dugu eta hori beste gobernu batekin eta beste egiteko modu batzuekin izango da.
 
Egoera hau berbideratzeko aukera orain daukagu. Aukeratu egin behar dugu, orain artekoa, hau da, egoera hau sortu dutenen esku jarraitzea, edota gure auzoak eta Donostia berreskuratzea. Helburu argi batekin, Donostian donostiarrek euren bizi proiektuak garatzeko aukerak sortzeko.
 
EH Bilduk hiritar guztiak berriz ere hiriarekin konektatzeko eskaintza dauka. Azken finean, EH Bilduren lehentasun nagusiak donostiarrek euren bizi proiektua Donostian garatzeko aukerak sortzean datza, Donostiarrek Donostia berreskura dezaten etorkizuneko erronkei indartsu heltzeko.