AKTUALITATEA

| 2019-10-29

Berriro ere jakin dugu gaixo dagoen preso bat hil dela Kartzela Erakundeen ardurapean. Jose Angel Otxoa de Eribe hirugarren graduan zegoen eta, nahiz eta baldintzapeko askatasunean egon, kartzelatik atera dute hiltzeko. Kartzelako bizi baldintzek eta zigor luzeek gaixotzen dute. Kartzelako osasun zerbitzuek ez dute gaitza egoki detektatzen eta ez dute gaixotasuna egoki tratatzen, presoa desasistentziak jota uzten. Kartzela Erakundeek beranduegi denean baino ez dute presoa kaleratzen, ardura bere gain ez hartzeko. Portaera doilor hori guztiz salagarria da, EH Bilduren ikuspegitik.

Azken urteotan gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hainbat presoekin suertatu da ibilbide berdina, pertsonaren duintasunaz eta tratamendu gizatiarraz aritzea baino, Kartzela Erakundeen jardunean mendeku ikuspegia gailentzen delako. Euskal gizarteak kartzelako salbuespenezko politikak eragiten duen sufrimendua gainditu nahi duen honetan, kontrako bidean, Grande Marlaskak gidatzen duen Barne Ministerioak sufrimendua areagotzen du.

EH Bilduk ezin du onartu gertakizun hauek eta gaur gaurkoz preso politikoei ondorio dramatikoak erakartzen dizkien kartzela eredu mendekati honekin amaitzeko esfortzuak egiteko konpromisoa berresten du. Jose Angel Otxoa de Eribe presoaren familia eta lagunei gure dolumin sentikorrena doakie.