AKTUALITATEA

| 2020-07-01

Jasone Agirrek industria eta ikerkuntza bultzatzea EH Bildurentzat lehentasuna dela azpimarratu du gaur Zamudioko Parke Teknologikoan eta, hori hala izan dadin, lidergo publikoa beharrezkotzat jo du “orientazio estrategikoa izango duen industria-sare berritu bat eraikitzeko”. Ildo horretan, Bizkaiko zerrendaburuak adierazi duenez, “2007an euskal industriak zituen 250.000 langileak berreskuratzea (gaur 205.000 dira) eta horietatik 10.000 lanpostu enplegu berdearen esparruan kokatzea” helburu estrategikoa da EH Bildurentzat.

Hori ez ezik, beste lau helburu estrategiko ere proposatu ditu Agirrek hurrengo legealdirako: lehenik eta behin, pandemiaren ondorioak gainditu eta gure industria berriro martxan jartzea, sektore horrek gure ekonomian duen pisua BPGren %28ra iristea, herri akordio bat ikerketa eta garapenean BPGren %3 inbertitzeko, Europar Batasunak gomendatu bezala, eta, azkenik, eskualdeetan ondo inplementatutako eta dibertsifikatutako industria-eredu berritua, soziala, ekologikoa eta teknologikoa sustatzea”.

Iker Casanova: “I+G arloan Urkulluk beste hamar urte galtzea proposatzen du”

Jasone Agirrek irekitako ildoari jarraituz, Iker Casanovak, Bizkaiko bigarren hautagaiak, “industria babestu eta sustatu beharra” aldarriaktu du, baina, ohartarazi duenez, sektorea “bidegurutze batean dago”, besteak beste, EAJ-PSE Gobernuaren “bultzada politiko faltaren ondorioz”. Izan ere, “Urkullu eta Tapiarekin euskal industriak indarra galdu du eta atzeraka ari da; Jaurlaritzak ez du oparoaldia baliatu, ez duelako benetako industria politika bat; bere industria politika enpresei baldintzarik gabeko laguntzak ematera mugatzen da, eta gero, krisialdietan, eskuak garbitzen ditu, euskal enpresen erabakiguneak galtzen ditugun bitartean, Euskaltel eta Gamesan gertatu den bezala”.

Egungo egoera politika horien emaitza da, salatu du Casanovak. “2008ko krisiak utzi gintuen lekuan gaude, BPGren %24an. Urkulluren agintaldian ez dugu aurrera egin; are okerrago, Ikerketa eta Garapenaren (I+G) arloan atzera egin dugu, BPGren %2,2  inbertitzetik %1,86 inbertitzera igaro baikara, Europako batez bestekoaren azpitik. Gainera, orain egiten duen proposamenarekin Urkulluk uko egiten dio gure herrialdea lider teknologiko globalen artean kokatzeari, ez duelako planteatu ere egiten I+G arloko inbertsioa %3ra igotzea, Europar Batasunak gomendatzen duena, alegia. Hau da, Urkulluk I+G arloan beste hamarkada bat galtzea proposatzen du, hain justu, ehun industrialak etorkizuna izan dezan oinarrizkoa den faktorean”.

Jaurlaritzaren ekimen politiko faltaren aurrean, EH Bilduk proposatzen duen neurri sorta aurkeztu du Casanovak, bi oinarri nagusi dituena, “lidergo publikoa eta eragile sozialekiko elkarlana”, adierazi duenez:

  1. 1.825 milioi euroko talka plan bat. Plan horrek enpresei likidezia ematea, krisian dauden konpainiak erreskatatzea, inbertsio estrategikoak finantzatzea eta, eraikuntza arloan, etxebizitzak birgaitzeko eta hirigintza berritzeko plan bana garatzea ahalbidetuko luke.
  2. Inbertsio produktiboari buruzko herri akordio bat.
  3. Ikerketa eta Garapenean BPGren %3 inbertitzea.
  4. Adimen Ekonomikoko Euskal Zentroa sortzea.
  5. Klausula Sozialen Legea onartzea, lan baldintza duinak bermatzeko eta deslokalizazioak eragozteko.
  6. Mugikortasun Elektrikorako Euskal Estrategia diseinatzea, garraio publiko osoa elektrifikatzeko, besteak beste.
  7. Emakumeak industriara erakartzeko estrategia bat: ikasketak, administrazio kontseiluetan kuotak ezartzea…