AKTUALITATEA

| 2020-06-29

Maddalen Iriartek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko berria adostu eta onartzeko amaitu gabeko prozesua izan du hizpide gaur arratsaldean Arrasaten. Azaldu duenez, burujabetzaren bidean ez da aurrerapausorik eman Urkullu duela zortzi urte Lehendakaritzara helduz geroztik, EAJk Ibarretxeren espiritua bazterrean utzi du eta haren errenuntziak etengabeak izan dira. “Non dago Lizarraren ilusioa, non erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazio handiak? Urkulluk Ibarretxe Plana alfonbra azpian ezkutatu du, hautsa ezkutatzen den bezala, eta erabakitzeko eskubidearen etsaiak belarriekin txalo egiten ari dira”.

“Erabakitzeko eskubideak Gasteizko Legebiltzarraren bi heren baino gehiagoren bermea” duela azpimarratu ostean, Iriartek “erabakitzeko eskubide hori egia bihurtzeko oztopo izatea” leporatu dio Urkulluri. “Autogobernuaz ari garenean, haren hitzak ez du ezer balio, ez du hitzik”. Izan ere, “bederatzi urte daramatza galdeketa bat hitzematen. Non daude kontsulta horiek? Non dago estatus berria? EH Bilduk estatus berri baterako akordioa izenpetu zuen EAJrekin, baina Urkulluk tiradera batean sartu du, PSEren ondora joateko. Non dago Urkulluren euskaldun hitza? Bederatzi urte daramatza epela zorabiatzen, euskal herritarrak zorabiatzen, hamsterraren gurpilean bueltaka. Urkulluk armairu bat dauka bi jantzirekin: subiranista jantzia Alderdi Egunerako eta koristarena urte osorako. Madrilek abestu eta berak koruak egiten ditu”.

Kanpainan autogobernuaz asko hitz egin arren, “zein autogobernutaz ari da Urkullu?”, galdetu du Maddalen Iriartek. Bere esanetan, pandemiak agerian utzi du “gurea beste batzuek kendu eta jartzen duten autogobernua dela, Madrilek jarri eta Madrilek kentzen baitu; Sanchezek erabakitzen du eta Urkulluk burua makurtu”. Hori horrela, “norbaitek uste du Urkullu eta Mendiaren gobernu batek defendatuko duela gure herriak bere etorkizuna aukeratzeko duen eskubidea? Benetan?”.

Horren aurrean, Iriartek hautestontziak boto subiranistez betetzeko deia egin du. “Inor ez dadila etxean geratu, galdutako boto subiranista bakoitza Abascal eta Cayetanaren aldeko boto bat delako. EH Bilduren aldeko boto bakoitzak gure etorkizuna hemen erabakitzeko balio du, eta ez Madrilen. EH Bilduk herri honetako gehiengoarekin konpromisoa du, eta gehiengo horrek gure etorkizuna hautestontzietan erabakitzea nahi du, ez Madrilgo bulego ilun batean. Burujabetza ez da gutizia bat, pertsonen bizitza hobetzeko beharra baizik, hezkuntza eta osasun publikoa defendatzeko, gure pentsioak defendatzeko, enplegu osoa bermatzeko”.

Arkaitz Rodriguez: “Frankismoaren semeek sorpresa hartuko dute”

Maddalen Iriartek bezala, Arkaitz Rodriguezek ere “hautestontziak boto subiranista eta ezkertiarrez betetzera” deitu du eta “uztailaren 12an frankismoaren semeek sorpresa hartuko” dutela ziurtatu du. “Cayetanari entzutea gomendatzen dizuegu, boto soberanista eta ezkertiarrez bete ditzagun hautestontziak; etxean geratzen den boto soberanista eta ezkertiar bakoitza poz handi bat da ‘Cara el sol’ abesten dutenentzat”.

Urkulluren agintaldia hizpide, Rodriguezek zortzi urte “zaborretara botata” ikusi ditu, “esku-frenoa jarrita, inolako aurrerapenik gabe, ez sozialik, ez nazionalik”. Bere hitzetan “Urkulluk subiranotasunaren trena galdu du”, eta berdin jarraitzeko arriskua bistakoa da, PSEk jada argi adierazi baitu bere helburua Espainiako Gobernuarekin euskal gobernu leial bat osatzea dela. “Horiek dira zure bazkideak, Urkullu jauna? Hori da zure gobernua?”, galdetu dio EAJkoari. Eta argi esan dio: “EH Bilduk subiranotasunaren lokomotora izateko konpromisoa hartu du, EH Bildu gabe ez dagoelako ez gehiengo subiranista posiblerik, ez tren subiranistarik”.