Albisteak

Iriarte: “2011n Laudion eta Araban abiatu zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an”

Maddalen Iriartek adierazi du sinetsita dagoela ezker subiranistaren olatua indartuko dela maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan.

EH Bildu | 2019-05-17 20:08:00

“Duela 8 urte, Araban eta Laudion ezker soberanistaren olatua altxatzea lortu genuen. Olatua herrialdeko instituzioetara heldu zen eta indar handiz sartu zen. 2011n Laudion eta Araba osoan altxa zen olatua indartu behar dugu maiatzaren 26an eta orain daukaguna baino indar handiagoarekin heldu behar da instituzioetara”.

Araba Eredua indartzearen beharraz ere aritu da Iriarte, gaur arratsaldean. Laudion egindako ekitaldi politikoan. “Hemen, Laudion, ondo dakizue zer den Araba eredua: herri interesak alderdi interesen aurretik jartzea da Araba eredua”.

Jardun publikoan aritzean, EH Bilduren lehentasunak zeintzuk diren esan du Legebiltzar taldeko bozeramaileak. “Herritarrak babestea, inor bazterrean ez uztea, herritarrek bizi proiektu duina garatu ahal izateko kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Horixe da ezkerreko subiraniston lehentasuna, pertsonak politika publikoen erdigunean jartzea”.

“Zenbat eta EH Bildu gehiago, orduan eta hobeto biziko dira euskal herritarrak. EH Bildu agintean dagoenean edota politika publikoak baldintzatzen dituenean, herritarren bizi baldintzak hobetu egiten direlako”, azpimarratu du.

Fdez. De Pinedo: “Betikoen aurrean, EH Bildu”

Maitzaren 26ko hauteskundeetan, Araban bi aukera baino ez daudela azpimarratu du, bere aldetik, Kike Fernandez de Pinedok. “Araban bi aukera daude: betikoen uztarripean jarraitu betiko politikekin eta betikoen mesedetara edo jendarteak eskatzen dituen politikak garatzeko herri sektoreek instituzioen agintea hartu eta herrialde bezala hazten hasi. Zentralizazioaren aurrean, guk gertutasuna eskaintzen dugu; klientelismoaren aurrean, gardentasuna; diskriminazioaren aurrean, berdintasuna; murrizketen aurrean, eskubideak; betikoen aurrean, EH Bildu”.

Laudioko EAJk atzo egindako kritikei erantzun die Diputatu Nagusirako EH Bilduren hautagaiak. “Gure beldur dira. Horregatik, bizikleta estatikokoaren aldekoek, dena kontrolatzen jarraitzeko ezer ez aldatzea nahi duten horiek, marmotaren egunaz hitz egiten dute eta gobernatzen ez dakigula eta antzekoak esaten dituzte”.

Zentzu horretan, gogora ekarri du EH Bilduk alkatetza daukala Arabako bederatzi udalerritatan eta horietako guztietan abian jarri dituela herritarren bizitza hobetzea ekarri duten proiektuak. “Hori guztia motibazio eta ilusio osoarekin egiten dute eta, batez ere, zintzo jokatuta”. Gaineratu duenez, EH Bilduk lortu zuen PP Arabako eta Gasteizko gobernuetara ez iristea. Halaber, zehaztu du aurrekontuen bidez indarrean jarritako 100 neurri baino gehiago EH Bilduri esker egin direla. “Gure motibazioa ez da alderdikoia. Gure lehentasuna da elkartasunean oinarritutako Araba bidezkoagoa egitea, Euskal Herria libre batean”.