AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-06-23

Gorka Elejabarrieta Senaturako Gipuzkoako hautagaiak eta Jon Iñarritu Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak agerraldia egin dute Urruñan, Ipar Euskal Herrian bizi diren hego euskal herritarrei botoa ematea eskatzeko:

Gaur Urruñan gaude, Ipar Euskal Herrian, non Hego Euskal Herriko milaka eta milaka pertsona bizi diren aldi baterako edo betiko. Hego Euskal Herriko 15.000 lagun inguru bizi dira gaur egun Ipar Euskal Herrian.

Gaur, Urruñatik, Ipar Euskal Herria bizi eta Hego Euskal Herrian jatorria dutenei gogoratu nahi diegu uztailaren 23ko Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea dutela. Gaur bozkatzera animatu nahi diegu horiei guztiei. Gaur esan nahi diegu garrantzitsua dela botoa ematea, ezkerreko boto subiranista bat bera ere ezin dela etxean geratu datozen hauteskundeetan. Garrantzitsua da botoa ematera joatea, EH Bildu zenbat eta indartsuagoa izan orduan eta hobeto defendatuko baitira gure Herria eta euskal herritarren interesak Kongresuan eta Senatuan. Zenbat eta indartsuagoa izan ezker subiranista orduan eta gehiago aurreratuko da Euskal Herriaren eta bere eskubideen aitortza, eta aurreratuagoak izango dira martxan jarriko diren politika sozialak.

Beraz, Ipar Euskal Herrian aldi baterako edo modu egonkorrean bizi diren Hego Euskal Herriko pertsona guztiak animatzen ditugu botoa ematera. Horretarako, dokumentazioa jaso ez duten herritarrek hurbilen duten kontsulatuarekin harremaneran jarri behar dira, botoa emateko prozedura hasi ahal izateko.

Kongresurako eta Senaturako hauteskunde hauetan berriro egin behar dugu. Uztailaren 23ko gaua ere magikoa izatea lortu behar dugu. Hauteskundeak Euskal Herrian irabaztea lortu behar dugu. Horretarako, ezkerreko boto subiranista bat bera ere ezin da etxean geratu. Bat ere ez. Ipar Euskal Herrian bizi diren pertsonena ere ez.