AKTUALITATEA

| 2021-05-14

Mikel Oterok EH Bilduren elkartasuna eta maitasuna helarazi die gaur Joaquin Beltranen senide eta lagunei, Jaurlaritzak haren gorpuaren bilaketa lanak amaitutzat ematea erabaki duela iragarri ondoren. “Gaurkoa egun beltza da; Beltranen senideei onartezina iruditzen zitzaien aurrerantzean loreak zabortegi batera eraman behar izatea, baina beren amesgaiztoa egia bilakatu da gaur”. Horren ildotik, Oterok gogora ekarri du Gobernuak ez zuela etsiko ziurtatu zuela, “gorpuak topatu arte bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartu” zuela, baina azkenean “ez du bere buruari jarri zion helburua bete”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Zaldibarko auziaren jatorria zein den azpimarratu du, zabortegiaren erorketa, alegia, eta geroztik igaro diren 15 hilabeteotan Jaurlaritzak egin duen kudeaketa salatu du. “Zabortegien inspekzio eta kontrol lana Gobernuaren erantzukizuna zen eta da, eta ez zaigu onargarria iruditzen akatsak onartzea, baina erantzukizunak argitu eta garbitu ez izana”. Gainera, kritikatu du, “hondakinen kudeaketa sisteman ezer ez da aldatu 15 hilabete hauetan, gaur ez dago duela 15 hilabete baino berme gehiagorik horrelako zerbait berriz ez gertatzeko. Hori da EH Bildutik Jaurlaritzari exijitzen dioguna, dagozkion erantzukizunak argitu eta garbitzeko ditzala, eta horrelakorik berriz gerta ez dadin berme nahikoak jartzeko”.