AKTUALITATEA

| 2021-09-13

Hurrengo 20 urtetako euskal hezkuntza sistema definitu beharko lukeen hezkuntza akordioa negoziatzeko eta adosteko prestutasun osoa agertu du EH Bilduk. Agerraldia egin du, gaur eguerdian, Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak. Azaldu duenez, hurrengo larunbatean, irailaren 18an, Konferentzia Politikoa elkartuko du EH Bilduk, eta urteko plan politikoa eta plan feminista onartzeaz gainera, Mahai Politikoak onartutako hezkuntzarako proposamen berritua eztabaidatzen hasiko da alderdiaren oinarriekin.

Otxandianok esan du hezkuntza komunitatean sistema aldatzeko nahia ikusten dela eta prest azaldu da Jokin Bildarratz sailburuak eskatzen duen hezkuntza hitzarmena adosteko. “Hezkuntzak estatu akordioa behar du”, esan du. “Hezkuntza hitzarmena adostasun politiko eta sozial zabal baten emaitza izan beharko da, oinarri sendoekin eraikia, datozen hogei urteetarako bidea irekiko duena, eta beraz, modu parte-hartzailean landu beharko da, benetako gobernantza ireki eta kooperatibo baten bidez, eta prozesuari behar duen denbora eskainiz. Hezkuntzak estatu ikuspegiko hitzarmena eskatzen du, hala deritzo EH Bilduk”.

Pello Otxandianok erabilitako testua osorik:

Konferentzia politikoarekin ekiten diogu urte politiko berri honi. Datorren larunbatean, irailaren 18an, Tabakaleran elkartuko gara. Urteko plangintza politikoa onartzearekin batera, bi gai izango ditugu hizpide: plan feminista eta hezkuntza proposamen berritua.

Urte politikoa zarata gehiegirekin hasi da. Zaratak ez du uzten entzuten, eta herri honek dituen erronkei aurre egiteko beharrezkoa den energia xahutzen du. Ez daukagu interesik halako jokoan, beste zerbaitetara dedikatzen gara gu: erronkak identifikatzera, korapiloak nola askatu aztertzera eta aurrerabideak pentsatu eta eskaintzera.

Herri erronka handietako bat da hezkuntza, hain zuzen ere. Pasa den astean ekin zitzaion ikasturte berriari, hezkuntza martxan jarri da berriro ere. Eta, lehenik eta behin, aitortza zintzo bat egin nahi diegu pandemia sasoian beren onena eman duten hezkuntzako langileei. Hezkuntzako profesionalek erakutsi duten konpromiso komunitarioari esker hezkuntza ez da eten pandemian zehar, eta euskal gizarteak arnasa hartu du.

Covid-19ak gauza asko erakutsi dizkigu. Batzuk lehendik bagenizkienak. Gure indarguneak eta ahulguneak jarri ditu agerian. Herri erronkak zehaztasunez identifikatzeko argia eman du. Besteak beste, ikusi dugu badugula beharra euskal hezkuntzaz gogoeta estrategiko sakon bat egiteko, gehiago itxaron ezin dezakeena. Izan ere, badago zer hobetu eta badago nondik ikasi hezkuntza ereduari dagokionez. Eta, badira mehatxuak ere epe laburrean hezkuntza sistemak kolokan jar ditzaketenak: jaiotza tasaren beherakada, segregazioak eta euskalduntzean gertatzen ari den atzerakada.

Bestalde, aldaketa gogoa sumatzen da hezkuntza komunitatean: irakasleengan, gurasoengan, ikasleengan. Uste dugu badagoela kontzientzia bat, zer hobetu badugula, hobe egin dezakegula eta hobe egin nahi dugula.

Eta hirugarrenik, azken urteetan indar asko metatu dela deritzogu. Asko dira hezkuntza eragile desberdinek egin dituzten gogoeta eta proposamenak, eta egin dituzten ekinaldiak euskal hezkuntza agertoki berri batera eramateko. Luze joko luke denak aipatzeak eta bat edo beste kanpoan uzteko arriskua hartuko genuke. Gure aitortza, baita ere, hezkuntza komunitate antolatuari, ekin eta ekin ari denari herri eraikuntzan, egunez egun, esperantzari eutsiz eta aurrerabideak eskainiz.

Poz handia hartu dugu iragan larunbatean Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen "Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen" jardunaldiaren emaitza ikusita. Euskal hezkuntzaz akordio nazional bat egiteko asmoz abiatu den prozesu honi gure babes osoa adierazi nahi diogu, eman dezakeelako aukera azken urteetan metatu den indar sozial hori bildu eta norabide emankor batean askatzeko.

Akordio nazional horren ispiluan begiratu beharko lukete, hain zuzen, mendebaldeko hiru probintziek zein Nafarroak hezkuntza hitzarmenak lantzeko orduan, bakoitza bere baldintza konkretuetatik abiatuz. Baldintza horietako batzuk aldekoagoak izanik mendebaldeko hiru probintzietan, EH Bilduk uste du momentua iritsi dela Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza hitzarmen bat osatzeko.

Eta uste dugu euskal gizartearen gehiengo baten iritziarekin bat egiten dugula hezkuntza hitzarmenak lau ezaugarri gutxienez izan beharko lituzkeela badiogu: Bat, herri ikuspegiz landua; euskal hezkuntzaren fase historiko berri bat irekiko duena. Bi, eraldatzailea; hezkuntza sistemaren sakoneko eraldaketa bat abiatuko duena, trantsizio baterako jauzi kualitatibo bat izango dena. Hiru, bateratzailea; etorkizunaren gaineko bisio partekatu batek gidatua. Eta lau, euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan jarriko duena.

Hezkuntza hitzarmena adostasun politiko eta sozial zabal baten emaitza izan beharko da, oinarri sendoekin eraikia, datozen hogei urteetarako bidea irekiko duena, eta beraz, modu parte-hartzailean landu beharko da, benetako gobernantza ireki eta kooperatibo baten bidez, eta prozesuari behar duen denbora eskainiz. Hezkuntzak estatu ikuspegiko hitzarmena eskatzen du, hala deritzo EH Bilduk.

Azken hilabeteetan EH Bildu lanean ibili da hezkuntza hitzarmenaren eraikuntzan egin behar dugun ekarpena prestatzen. Datorren larunbateko konferentzian mahai politiko nazionalak onartu duen hezkuntza proposamen berritua izango dugu hizpide, ezker independentismoaren posizio politikoa finkatzen duen dokumentua hain zuzen. Militantziari mandatu bat eskatzen diogu: Hezkuntza hitzarmena lantzen hastea proposamen berrituak markatzen duen norabidearen baitan.